2019(e)ko otsailaren 1(a), ostirala

Mortxe eta Sarbil edo Etxauriko Haitzak Eguillorretik

Gaurkoan Eguillor herrira gerturatu naiz bertatik ibilbide eder bat burutzeko asmoz. Joan eta etorria bide beretik burutu dut, beraz Mortxe mendira igo, handik Sarbil edo Etxauriko Haitzetara gerturatu eta itzultzerakoan berriz ere Mortxe menditik igaro behar izan dut.
GR 220tik burutuko dut bide gehiena. Ibilbide luze honetako laugarren etaparen tarte luzea ibiliz, hori bai joan eta etorria eginik eta etapa hori baino luzera apur gehiagorekin eta desnibela handituz. Kontutan izan Iruñeko birako ibilbide osoko desnibel gehienekoa dela, eta mendirik altuena zapaltzen duena ere.
20 kilometroko luzerako txangoa eta 1.100 metrotik gorako desnibelekoa. Eguraldia gehiegi lagundu ez duenez, urteko aurren elurrak izan ditut ere, nahiko azkar egin izan dut joan eta etorria.

Ibilbidearen xehetasunak wikilocen
Powered by Wikiloc

Txangoko bideoa:

Ibilbidea eta altimetria.

Eguillor herritik egunsentiarekin batera ibiltzen hasiko naiz. Herriko beheko parteko etxe berrien inguruetan kotxea utzi, Eguillorpea karrikan hain zuzen ere, eta Iruñerria alderako argazkia batzuk egin izan ditut.




Karrikatik goitik jauregi bat dago, apezetxea izenekoa. Karrikatik gora segi, errepidera iristeko.


Errepidea zeharkatu eta harraska bisitatuko dut.

Errepidea jarraitu eta bihurgunea gainditurik, ezker aldetik beherat doan bidea hartu beharko dut, herritik irteteko. Errepidea ekiditeko edo saihesteko erabiliko dudana.
Apur bat beherago ataka antzeko bat izango dut,
eta erretena edo errekatxoa zeharkatu ostean ezkerreko bidegurutzetik, bide estutik, jarraituko dut.
 Ez segi eskuineko bide zabalagotik,.
Bide honek lubaki antzeko batetan barneratuko nau eta zuzen jarraituz, GRarekin bat egingo dut.

Erne ibili jaitsieran bertzela GRa jarraitzekotan Arakil ibaira eramango gaitu eta ez herrira.
Harrizko eremu bat  topatuko dut gorago eta bertan eskuinetik desbideratuko naiz, GRaren laburbidetxo bat egiteko.

Eraikin baten ingurutik pista batetara aterako naiz eta eskuin aldetik, errepidea zeharkatu beharreko bidegurutzera iritsiko naiz.

Errepidea zeharkatu eta zuzen GRtik igotzen jarraitu beharko dut.
 Goiko bihurgunera iritsi, borda batetara eta bertan ikusiko dugu errepidearen bukaera, hots, ura araztaile gunea.
Bidea gorat segi, bordaren aldamenean eta araztegia iguratzen duen hesiaren aldamenetik.
Araztegiaren goiko partean bertze bidegurutze bat dago, zuzen jarraitu bertan,
ur-andena edo ur biltegi zaharrera iristeko. Bertan izango da portlandezko pista honen amaiera.
Eraikinera iritsi aurretik, ezkerretik bide bat aterako da, hauxe da erabili beharko dena.
Bertatik San Cristobal baselizarako tartea, bereziki azken eremua, oso polita da, basoan barna burutu beharko dudana. Zenbait zuhaitz eder ikusteko beta izango dudalarik.


Baseliza eremu estrategiko batean kokaturik dago, mendatetxo batean eta gaurkoan zuhaitzez inguraturik. Denboraren poderioz eraikina aurriak bertzerik ez ditu erakusten.



Aurrerago, gaurko txangoan zeharkatuko dugun aurren urmaela izango da.

Bidea aurrera eginik, pista batekin bat egingo dut eta bertatik igotzen jarraitu ere.
Hurrengo urmaelera iritsi aurretik, borda baten aurriak izango dira ezker aldean.

Urmaela eskuinean utzirik gaindituko dugu eta,
eskuinetik abiatzen den bidera pasatuz, pista nagusia utziko dut.
Gorago bertze urmaeltxo bat da, baina gaurkoan idorturik topatu dut. Hortaz bidea bi urmaelen artetik jarraitu eta metro gutxi aurrerago, bide edo pistatxo zabalagoa eskuinetik utzi beharko dut. GRaren markak ikusgai dira bide gehienean beraz ez da zaila izango bide onetik segitzea.
Emeki emeki altuera irabazten joango naiz eta basotik irten ere.
Zelaietara atera ondoren, Saldisetik datorren pistara iritsiko naiz. Bertan hesi bat eskalatxo baten bitartez gainditu behar delarik.



Pista honek gorago dagoen urmael artifizial batetara doa.

Hortik aurrera bide estu batetik Mortxe aldera igotzen jarraituko dut.
Mendi-ertzera iritsiko naiz, Saldiseko Haitzetatik datorren bidearekin bat eginik, eta gaua hotza izan denez, urteko aurreneko elurra ikusgai izango dut.
Ezkerretik Mortxe mendiko magaletik gora, hesi bat topatuko dut. Hau gainditu eta tontorrera iristeko azken txanpa dut.

Azkenean Mortxe mendiko gailurrera iritsiko naiz.

Hotza egiten duen arren, erritmo ona eraman dudanez, Etxauriko haitzetaraino jarraitzea erabakitzen dut, eta beraz Mortxeko bertze tontorrera zuzenduko naiz denbora galdu gabe. Bazkaltzeko orduan etxera itzultzea pentsatua dut eta hortaz ez dut denborarik galdu behar.
Bertze gailurrera iritsi eta Sarbil edo Etxauriko Haitzen tontorra urrutian ikusgai dut.
 Zoomarekin gertu dagoela dirudien arren, beheko argazkian benetako distantzia ikusgai dut. Sei kilometro inguru dira.
Tontorretik ezkerreko aldetik jaitsierarekin segitu beharko dut.
Bidea jarraitu beharko dut pista batetara ateratzeko. Bertan ataka bat dago.
Pistatik jaitsiko naiz Azanzatik igotzen den pistarekin bat egin arte.

Aurrera jarriatu, ezkerretik, antena dagoen lekura iritsi arte.
 Antena altxatzen den tokian bidegurutze bat dugu, eskuinetik segi.
Metro gutxi aurrerago berriz ere bertze bidegurutze bat dago, oraingoan ere eskuineko bidea jarraitu.
Ataka bat topatuko dut pistan eta hau gaindituz, apur bat aurrerago,
Sarbil Zelai trikuharria bisitatzeko aukera izango dut.



Megalitoaren ondoren Itxesordeko mendiaren magaletik, tontorrera gerturatuko naiz. Mendi honen tontorra ez da oso ikusgarria, ezpelez beterik dago eta.

Bidea jarraitu eta hesi bat gainditu eta Sarbil eta Itxesorde mendien arteko lepora gerturatuko naiz.
Mendi-lepoan pista batetara iritsik eta eskuin aldetik igoerarekin jarraitu beharko da.

Sarbileko haitzen azpian bertze bidegurutze bat izango da. Bertan GRa utziko dut, tontorrera eta aterpera igotzeko asmoa dut eta.


Hortaz ezkerretik aldapan gora jarraitu. Aurrerago ataka bat izango da.
Hortik aurrera gutxi izango dut tontorrera iristeko.






Tontorrean nagoelarik elurra hasi da, beraz denborarik galdu gabe itzulerako bideari ekingo diot, 10 km inguru aurretik ditut eta.
https://mendikosterak.blogspot.com/2019/02/mortxe-eta-sarbil-edo-etxauriko-haitzak.html

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina