Wikiloc-en ibilbidearen profila
Powered by Wikiloc
Ibilbidearen Bideotxoa
Herrian aparkatu eta ezkerretik beherantza abiatzen den pista hartu dugu.
Pista baratza batzuetan amaitzen da eta bertan bidexka bat jarraitu behar dugu. Bide honek urdinez eta zuriz margotutako markak erakusten ditu.
Bidexka jarraituz pista batekin topo egingo dugu. Goranzko norantza segi metro gutxi batzuetan, berriz ere ezkerretik bidexkara pasatzeko.
Zelai batzuetara iritsi eta aldapan gora lepo batetara iritsi arte.
Lepoan Iruñerriari itzulia ematen dion GRarkin topo egingo dugu, eta eskuinetik jarraitu ere.
Aurrerago tontortxo batetara iritsiko gara. Bertatik ikuspegi ederrak ditugu.
Bidea jarraituz, gune konkretu batean tentuz ibili beharra dago. Metro batzuk harrietatik jaitsi behar bai dira.
Puntu hau gaindituta, lasaitasunez Irulegiko lepora iritsiko gara. Apur bat aurrerago bidegurutze batekin topo egingo dugu. Bertatik zuzenean Lakidainera bueltatzeko aukera dugularik.
Azken aldapei aurre egin, zenbait puntuetan eskailerak prestatuak dituelarik eta basoaren goiko aldera agertuko gara.
Gailurrera iristean Irulegi gazteluaren aztarnak bisitatuko ditugu.
Gaztelua nolako zen ikusteko bertan duzue bisita interaktiboa egiterik.
hiru.cometik jasotako informazioa:
XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako ikerleen nahasketa batetik dator Lakidain izenaren kontu hori. Irulegi eta Irurlegi izeneko hiru gaztelutaraino dakartza Atadillek bere zerrendan. Nafarroa Behereko Irulegin kokatu zuen bat; Betelun, bestea eta Lizoaingo haranean, hirugarrena; baina Arangurengo Irulegin izandako gazteluzainen izenak sartu zituen gero, lehenengo bietan. Agiri zaharretan Irurlegui edo Yrurlegui idazkeraz agertu izan da gazteluaren izena; eta Yrullegui idazkeraz ere bai, behin edo behin. Gaur egun denek onartzen dute agirietan azaltzen den Irulegi Arangurengoa dela.
Musulmanen erasoei dagokienez ere gero eta argiago daude kontuak. Gauza ziurtzat jotzen da gaur egun Abd ar-Rahman III.a Lakidaingo mendatetik igaro zela 924ko uztailean, Legingo gaztelutik Iruñera joateko. Ez dute kronikariek Irulegi ezertarako aipatzen, baina ezer izatera saiatuko ziren zegoena suntsitzen. Arib ibn Saad-ek Irunberri-Legin etapari buruz idatzia dugu horren lekuko: “Gero Legingora; tropek bidean aurkitzen zuten guztia errausten zuten, uztak suntsitzen zituzten, herrixkak eta gazteluak hondatu.”
Berant Erdi Aroan errege gaztelua izan zen Irulegikoa, eta Zangozako merindadekoa, barrutiz, Iruñea askoz hurbilago zuen arren.
1259an, Martin Gartzeiz Eusa zen Irulegiko eta Aitzitako gazteluzain. 1266an gazteluzain berak jarraitzen zuen Irulegin. Aitzitakoa utzia zuen orduko, baina haren lekuan Orokoa hartu zuen dirudienez. 1280an Arnalt Guillem Agramonteko jaunaren izena azaltzen da agirietan; Irulegiko eta Gazteluberriko gazteluzain zen hori; eta Garzia Arnalt Senpere, lapurtarra, 1290ean. 1309an Garzia Martinez Oilokik hartu zuen kargua, eta 21 urtez egon zen gazteluzain. Martin Garzia Oiloki, Garzia Martinezen semea izan zen hurrengoa, eta 9 urtez egon zen hori. XIV. mendearen hasieran 6 libera eta 30 kaiza gari zen Irulegiko gazteluzainaren urteko soldata; 4 libera eta 20 kaiza garri, berriz, 1355ean zegoenarena; Mauleongo Ojer zen urte horretan gazteluzain.
Mauleongo Ojerren ondoren, beste bi gazteluzain izan ziren gutxienez, 1375a arte: Joan Perez Eransus eta Gonzalo Ruiz Eransus (edo Aranguren) aita-semeak. Azkeneko urtea behintzat gazteluan eman zuten Gonzalo Ruiz Eransusek eta bere familiak. 1375ean Sancho Lopez Uriz jarri zuten gazteluzain, baina gero Karlos II.a (1349-1387) erregeak bere arma zaintzaile eta aholkulari egin zuenez, Artzibarrekoak ordezko bat jarri zuten Irulegin.
Gazteluari dagozkion agiriak, politika orokorreko gorabeheren isla dira. Horrela, Gaztelako erregeen politika hedakorraren eraginez, agirietan geratu ziren 1378. urtean Nafarroan sartu ziren bi armaden mugimenduak. Urte horretako maiatzean, esate baterako, 5 arma-gizon bakarrik ziren Irulegin eta 18, abuztuaren hasieran. Abuztuaren 20tik aurrera gauzak baretzen hasi izango ziren berriz ere, zeren ordutik aurrera 7 baino ez baitziren berriz ere, eta 4 gerrari eta 10 peoi besterik ez, irailean eta urrian. Arronizko prioreak, eta urrezko florinetan, egin zituen gudari buru batzuen soldatak. 1379an Donibane Garazitik ekarri zituzten armetatik, azkon kutxa bat Irulegiko gaztelura eraman zuten. Agiriek diotenez, 1391n pertsona bakarra zegoen preso Irulegiko gazteluan, Aragoiko Pierres Villaluenga izeneko bat.
Gerra zibilak zirela-eta, administrazio kontuan ere okertzen hasi ziren gauzak XV. mendeko bigarren erdialdean, eta 1461ko soldata Irulegiko gazteluzainak berak hartu behar izan zuen Arangurengo, Ilundaingo eta Lakidaingo nekazariek ordaindutako zergetatik.
Beste gazteluzainek ez zuten egiteko bat ere bazuen Irulegikoak: gaztelu inguruko mendia zaintzea. Gergako eta Antso Abarkako gazteluzainek ere mendia zaindu beharra zuten: Alaitz mendia, batek, eta Bardea aldea, besteak.
Konponketa lanei dagokienez, 1358koak, 1416koak eta 1423koak izan izango ziren aipagarrienak, horiek aipatzen baitira agirietan. Lehenengo bi urte horietan inguruetako nekazariek lagundu zieten harria eta habeak garraiatzen. 1416an ekialdeko edo Lerrutz alderako harresia konpondu zuten, erortzear baitzegoen. Orduko hiru dorre eroriak zituen, bestalde. Urte horretako lanen jarraipena Lerruzko abadeak egin zuen, prokuradorea ezin zela-eta egunero ikuskatze lanetan ibili.
Beaumondarrek zeukaten gaztelua, eta bake-itun batzuk sinatuak zituzten horretara iristerako. Bake-itun horietan ondasun eta eskubide dezente lortu zituen, gainera, Leringo kondeak: horrela, Irulegiko gazteluburutza izatea onartu zioten Agoizko itunean, 1479an. Hala ere, berriro gerrara jo zuen hark 1494an. Aurrerantzean beaumondarren babesleku izan ez zedin, Joan III.a eta Katalina errege-erreginek gaztelua suntsitzeko agindu zieten Joan Garrori eta Remonet kapitainari. Eta inguruko herrietako jendea laguntzera deitzeko baimena ere ematen zieten agindu berean. 1494ko ekainean, Joan Mearin, kondeak jarritako gazteluzaina zegoen Irulegin, suntsitzera joan zirenean, baina ez zuten borrokatu beharrik izan deuseztatzeko, Joan Mearinek entregatu egin zien-eta gaztelua. Errege-erreginek berari eman zioten gazteluaren eremua eta hari zegozkion lurrak, Idoateko, Lakidaingo eta Ilundaingo mugetarainokoak.
Tontorretik ekaitza zetorrela ikusirik, zuzenean Lakidainera bueltatzea erabaki genuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina