2017(e)ko urtarrilaren 15(a), igandea

Urkiaga - Okoro -Lohiluz -Enekorri - Urkiaga

Mendiko ibilbide eder bat dugu hau. Ibilbide kulturala. Gure ondarearen adibide esanguratsuak ezagutzeko beta emango diguna. Bukaeran aro modernoko Eugiko erret arma olaren aurriak bisitatuko ditugu, bere anaia Orreagakoaren tankerakoak baina aunitz guttiago ezagutuak.

 Ibilbidearen hasieratik eta bukaera arte, XX. mendeko P lerroaren edo Pirineoaren gotorlekutze obra erraldoiaren aztarnak nonahi topatuko ditugu, eta gainera mota ezberdinetakoak ere, nahiz eta gehienak nido de ametralladora deritzanak izan. Gabezi eta behar itzeleko urteetan, gerra zibila bukatu bezain pronto, frankismoak obra faraoniko honi abia ematen dio, hasiera batean preso errepublikarrekin eta segituan bataloi disziplinarioko soldaduekin ere.

Eta mendiko goiko aldetik historia aurreko hainbat  trikuharri eta jentilen baratzaren bat eta menhir baten bat ere topatuko ditugu.


Berez honengatik bakarrik bada ere ibilbide arrunt berezi baten aurrean gaude. Guzti honi gehitu beharko diogu ibilbide gehienean zehar ikuspegi ederrak izango ditugula Kintoakoak eta Auñamendietako gailur ezberdinetakoak ere.


IBILBIDEAREN MAPA


Powered by Wikiloc


Ibilbidea Urkiagako mendatetik ezkerretatik abiatu egiten den bidetik da, ez pistatik ordea.
Segituan aurreneko bunkerrak ikusgai izango ditugu, eta batzuen artean trintzera edo lubakien aurriak oraindik ikusgai dira.



Apurka eta eskuinaldetik mendi magaletik bidea jarraituz, borda batetara iritsiko gara.

Hortik ezkerreko aldetik lepo batetara iritsi eta handik kordala osoari jarraituko diogu. Hasieran eskuinaldera joko dugu mendi ezberdinen gailurrera igota, hasierakoa Otarrabizkarra eta gero Artsal, bere gailurra baino apur bat lehenago bertze bunker bat ikusgai dugu eta bidean zenbait trikuharri.




Hurrengo lepora jaitsi edo eta bertzela hesia segi ezkerretatik, eta handik desbideratuko gara Okoro mendiko gailurra bisitatzeko.

Bideari atzera eginik berriz lepora iritsiko gara. Bertan ere bunker bat ikusgai dugu.

Bisitatuko dugun ondorengo tontorra Iparraldeko Kaskoa da. Bertan ere hainbat trikuharri ikusgai ditugularik



Jaitsi eta topatuko dugun lepoan jentilen baratza eder bat dugu hesiaren bertze aldean.


Hortik aurrera zatirik korapilatsuena dugu, hots, Lohiurtzeko Harrietarako tontorra bisitatu nahi badugu. Harri handiz osaturiko gailurra dugu, eta ez da soberan zabala.


Tontorretik kontuz jaitsi eta azkeneko lepora iritsiko gara. Bertan historia aurreko hainbat aztarna ere ikusgai izango ditugu.

Hurrengo gailurra berezia da, Argintzuko harrian alde batetik bertzera zulaturik dagoelako bunker estrategiko bat eraiki bai zuten bertan.




Hortik oso gertu Lohiluzeko gailurra dugu.
Handik bidea atzera egingo dugu baina oraingoan gailurretara igo gabe. 

Aurreneko lepotik jaitsi ordez, oraingoan zuzen jarraituko dugu bertze tontor batzuk bisitatzeko. Enekorri eta Enekorriko Harria
Bidean berriz ere trikuharriak eta bunker berezi batzuk ikusgai izango ditugularik.





Bidean apur bat atzera joan eta aristatik eta hesiaren ondotik Urkiagako mendatera jaistea bertzerik ez zaigu geldituko.

Txango kulturalari amaiera emateko Eugiko arma olaren aurriak bisitatzea arras gomendagarria da.











iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina