Ibilbidea eta altimetria.
Ibilbidearen xehetasunak Wikiloc-en
Powered by Wikiloc
Ibilbidearen bideoa:
Goizena goiz Lizarragako portura iritsiko naiz. Portua igotzerakoan lainoak dena estali egin du eta bertze aldetik irtetean egoera ez da hobeagoa. Elurra kentzeko makinak ez du ia lekurik utzi aparkatzeko baina iristen aurrenekoa izan naizenez tartetxo batean kotxea uzteko arazorik ez dut izan.
Eskiak paratu eta Urbasa aldera doan pistatik ibiltzea erabakitzen dut. Eguraldia eta elurraren baldintzak ez dira soberan onak eta beraz baso aldera jotzea egokiagoa suertatu zait.
Lizarragako bentatik irten eta eskuin aldetik abiatzen den pista hartu dut. Segituan ate eta langa bat dugu. Atetik igaro naiz, langak elurrik ez zuen eta.
Hasierako aldapa igo eta ondoren haran batetik jarraitzen du bideak. Lastima lainoak ez duela ezer ikusten uzten.
Aurrerago borda batzuetara iritsiko naiz. Bertan elur geruza potentea da eta bordaren atera gerturatzeko eskiekin ia belauna arte sakonera dago.
Haranetik jarraitzen dudan bitartean haizeaz babesturik nagoenez hotz sentsazioa ez da handiegia.
Aurrerago eremu zabalago batetara iritsi eta haizeak gogor jotzen du, baina kasualitatez lainoak momentu batean garbitu eta eguzkia tarteka ikusteko aukera ere izan dut.
Aurrerago bidegurutze bat dugu. Ezker aldetik Artzaintzaren abelbidea jarraitzen du Artaza aldera, baina gaurkoan zuzen jarraitu behar dut San Adriain aldera iristeko.
Artazara joateko bidea.
Aurrerago eta harri multzo batez adierazita, San Adrian mendira eta Adrian deunaren baselizara igotzeko bidegurutzea izango dut. Hortaz pista nagusia utzi eta eskuin aldetik aldapa gorari ekingo diot. Malda ederra du hasierako zatian, baina elurretan gehiegi sartzen naizenez, ez dut arazorik izango zuzenean igotzeko.
Gorago bidearen aldapa gutxitu egiten da eta apur bat ezker aldetik baseliza aldera iritsiko naiz. Egia da bidea ezaguna dudala eta gpsan tontorra ageri delako, bertzela ez naiz iritsiko. Lainoak dena inguruatzen du, ikusi argazkiak.
Adrian deunaren baseliza.
Adrian Deunaren baselizaren eta aterpearen barneko aldea.
San Adrian mendiko buzoiak.
Barruan dagoen aterpean gosaldu eta gero aurrera jarraitzeko denborarik dudala ikusita eskiatzeari, edo hobe erranda eskiekin ibiltzera ekingo diot. Hala era raketekin etorri izan banintz, seguru oraindik gehiago sartuko nintzela elurretan eta ibilbidea arras motzagoa egin beharko nukeela.
Irtetean berriz ere laino tartetxo batek paisaia ikusteko beta eskainiko dit.
Baselizatik zuzen jaitsiko naiz pista nagusiarekin topatzeko. Bidean etxola baten aurriak ikusgai ditut eta kuriosoa iruditu zaidanez hara gerturatu naiz argazki batzuk egitera.
Pista nagusiarekin topatu eta basotik atera arte joatea erabakiko dut.
Tarte honetan geruza sakona oso da eta eskiekin asko hondoratuko naiz. Ekaitzarekin eroritako elurra eta zuhaitzetatik haizeak botatakoa geruza ederra metatu dute bertan.
Basotik irten eta Iruelorrieta mendira gerturatzea erabakitzen dut. Gpsari esker, bertzela ez luke merezi haraino joatea, ezer gutxi ikusten bai da.
Hesitik gertu eta mendi-ertzari jarraituz azkenean tontorrera iritsiko naiz.
Baldintzak onak ez direnez, bertatik buelta ematea erabakiko dut. Berriz basora eta pista nagusitik zapaldu gabeko tarteari ekin beharko diot
Goizeko bidegurutzetik aurrera urratsa banuen, baina tenperaturak gora apur bat egin duenez oraindik nahiko hondoratuko naiz elurretan.
Azkenean Lizarragako bentara iritsiko naiz, nahiko hoztuta, buztita eta neke. Hala ere konten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina