2018(e)ko urtarrilaren 10(a), asteazkena

Munarriz Elimendi (Artesa) Zoilogaina - Munarriz

Munarriz herritik abiatuko naiz gaurkoan, raketekin ibilbide zirkular bat burutzeko.
Azken egunetako elurtea handia izan da baina haizeak gogor jo egin du eta leku batzuetan asko metatu den bitartean, bertze batzuetan gutxi topatu izan dut. Elimendiko tontorrean adibidez elurrik ez zegoen.

Ibilbidea eta altimetria


Ibilbidearen xehetasunak wikiloc-en

Powered by Wikiloc

Ibildideko bideotxoa


Goizena goiz abiatu naiz Munarriz herritik. Herriaren hasieran dagoen aparkatzeko leku batean utzi izan dut kotxea, egia da dena hormaturik dagoela eta ez naiz ausartu herrian sartzen ere, are gehiago, raketak paratu izan ditut kotxean bertan eta zenbait karriketan zegoen izotz gardenaren gainetik ibiltzeko beharrezkoak izan dira. Ipar eskiak ere ekarriak nituen baina elurra hormaturik zegoenez kotxean uztea erabaki dut.

Herritik barna aurreneko iturrira iritsi eta bertako aska horma geruza potoloa zuen, makilarekin inolaz ere zulatzerik izan ez dudana. Egunsentiko tenperatura zero azpitik 7 gradukoa izanik pentsa zer nolako geruza zegoen.
Elizatik gertu igaro eta bigarren iturri eta askaraino iritsi naiz.



Bertatik, ezker aldetik abiatzen den pista hartu beharko dut.

Pista honek Elimendi eta Zoilogaina artean dagoen mendi-lepora eramango nau. Bidean zenbait gurutzebide ditu, eta gaurkoan markatu izan ditut ibilbidean, pista elurtua dagoenez ez bai da horren ongi nabarmentzen bertze pistetatik.





Paisai ederrak eta zenbait guneetan haizeak metaturiko elurrak egitura bereziak sortu egiten ditu.
 Elimendi eta Zoilogaina arteko mendi-lepoa ikusgai


Pista honetan pare bat ate gainditu beharko ditut, azienda menditik herrirat jaisteko ekiditzeko asmoz eraikitakoak.

Eta negu gorrian egon arren, behorrak bertatik lasai oso ari dira oraindik.
Mendi-lepora iritsi aurretik Elimendiren basora zuzentzen naiz. Vidaurre herritik datorren pista zeharkatu eta basoan agerikoa den pauso batetara zuzenduko naiz.




Basotik gailurrera bide zabal bat dago eta gaurkoan nabariegia ez baden arren, goiko aldean dagoen hesira bideratuko nau.





Arestian aipatu bezala, Elimendiren tontorrera iristean ez dut elurrik topatuko eta bertan utziko ditut raketak buzoira gerturatzeko.










Haizeak gogor jotzen du eta lainoa mementuka dena estaltzen duenez beherako bidea egitea erabakitzen dut.
Zoilogaina aldera eta bere gibelean Beriain mendia.
Mendi-lepora iritsi eta hesia gainditu gabe, zuzenean Zoilogainako aldapari aurre egingo diot. Zati batzuetan oso malkartsua izan arren, raketekin zuzenean igota goraino iristea lortuko dut.

 Aurretik dudan aldapa
Goitik ikusita maldaren aldapa ikusterik dago.
Zoiola eta geroago Zoilogaina trikuharri eta tumuluak daude eremu honetan baina elurrez estaliak daudenez ez ditut ikusterik izan.

 Elimendi Zoilogainatik.
Zoilogaina trikuharria dagoen inguruan, hesi batekin topo egingo dut eta apur bat ezkerrera ibiliz, hesia zeharkatxeko atetxo bat dago.

Menditxo ezberdinen artetik, El Alto trikuharria eta tontortxoara iriti eta goiko aldetik jarraituz El Pelotón borden aurrietatik datorren pistarekin topatu arte jarraituko dut. Ibilbidearen zati honetan haizeak jotzen du baina goiko eremutik ibiltzean ikuspegi ederretaz gozatzeko aukera dut.



Pistara iritsi eta korta bat ikusgai dago. Azienda biltzeko eta markatzeko eremua da. Apur bat aurrerago bertze pista honetako metalezko ate bat zeharkatu beharko dut.



Bertatik Pirinioetako ikuspegiak ederrak oso dira, lastima lainoak eta hodeiak tarteka estaltzen dituztela.
Pistatik jaitsi eta aurrerako behor mordo batekin topatu izan naiz. Gehiegi ez molestatzearren baztertu egin izan naiz.

Beherago bigarren ate batekin topatuko naiz, kasu honetan irekita aurkitu dudan bakarra.
Handik Munarriz herria ikusterik dago.
Beherago baltsa txiki bat dago.

Eta handik herrira gutxi geldituko da.
Txangoa bukatu aurretik elizaren ataria bisitatzea erabakitzen dut, San Martinen parrokia haiz zuzen ere.
Parrokia honen informazia:

"XIV. mendeko tenplu gotikoa da, aurreko beste fabrika erromaniko baten aztarnak gelditu diren arren. Oinplanoa hiru tarteune berdinetan banatutako habearte bakarrekoa da, burualdeak bost hormataleko disposizio poligonala duelarik.Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko horman koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barneko eskaileren bolumena ikus daiteke. Hirugarren tarteuneari bi kapera atxiki zitzaizkion, simetrikoki kokatuta, transeptu motz baten modura, eta sakristia burualdearen hegoaldean itsatsitako oinplano irregularreko gela da.

Buru aldean beste bi leiho gehiago ere, burualdearen hegoaldeko murruan. Aipatutako bi leihoetako bat erdi puntukoa eta erromanikoa da, eta bestea XV. mendekoa eta gotikoa, bikoitza, arku hiru gingildunekin eta erdiko mainelarekin.

Elizaren hegoaldeko murruari atxikia harrizko aterpe bat dago, horma-bularren gaineko erdi puntuko bi arkuekin. Sarrera bi kontrahormen artean doan arku beheratu batean irekia dago. Arku zorrotz abozinatua du, tenpluaren lehen garaian egina, profil bereko dekoraziorik gabeko zortzi arkiboltekin, giltzarri batetan krismoi hirukoiztarra ikus daitekeelarik. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, harroin eta kapitel jarraituekin. Azken hauetan, gainera, gai figuratiboak bereiz daitezke, hala nola Deikundea, Ama Birjinaren Ikustaldia, Jaiotza, Magoen Gurtza, Errugabeen Heriotza eta Egiptorako Ihesaldia. Portadaren gainean beste erliebe bat dago, Kalbarioa irudikatuz. Estiloa infantila suertatzen den arren, ikonografikoki koherentzia handiko portada da, eta penagarria da benetan bere kontserbazio-maila txarra."










Bisita labur honen ostean kotxera zuzenduko naiz traste guztiak kendu eta etxera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina