2018(e)ko martxoaren 3(a), larunbata

Ardanaz Izagaondoatik Izagara zirkularra

Izagaondoara gerturatu naiz gaurkoan Izagako haitza edo mendira igotzeko. Ibilbide zirkularra osatzea ederragoa izaten denez pista ezberdinetatik igoera egitea eta bertze alde batetik jaistea lortu izan dut.
Ardanaz herrira gerturatu naiz goizean goiz. Tenperatura baxuak izan arren, eguna ederra izango dela agerikoa da eta segituan paisai eta argi berezietaz goxatzeko beta izango dut.
Ardanaz herriak XVIII. mendearen bukaeran 28 etxe zutik eta pare bat hondaturik zituen eta garaiko datuen arabera 147 lagun bizi ziren bertan. Aberastasun nagusiak mendiko haritzak ziren, uzta nagusiak garia eta garagarrakoak ziren bitartean. Dona Martinen eliza aipatu egiten da. Sebastian de Miñano jaunak 1826. urteko hiztegi geografiko estatistikoan 139 biztanle zenbatzen  ditu.
Teodoro Ochoak 1842. urtean 149 biztanle bizi direla dio eta eskolan 21 haur zeudela aipatu egiten du.
Pascual Madozek herria Ardanaz de Leguin bezala izendatu egiten du. Herritik bost bat kilometrotara, Nafarroako erresuma garaiko gaztelu nagusi baten aurriak direlako omen datorkio izena.
Herriko elizaren aldamenean kotxea utzi eta San Martin elizaren atarira gerturatuko naiz bertan ibilbidea hasteko. Berant erromaniko eraikina da, kanoi erdiko gangaz estalitako nabe bakarra du eta buru aldea zirkulu erdikoa da. Elizaren gangan XIV. mendeko horma margoak 2002.  urtean aurkitu izan ziren. Infernu eta zeruko eskenekin. Arku batean aldiz landa lanekin osaturiko egutegi bat ere agertu zen. Bertan informazio gehiago duzue margolanen inguru.
Wikilocen ibilbidearen xehetasunak

Powered by Wikiloc

Ibilbidearen bideoa:


Ibilbidea eta altimetria.



Eguna hotza da eta landareetan nabaria da gauaren tenperatura zein izan den

Herritik Izaga dotore ikusten da.
Herriko kale nagusitik abiatuz plaza batean den harraska eta iturrira iritsiko naiz.


Aurreneko argiak disdira bereziak islatzen dituzte.

Udalaren aurretik pasa eta gorat jarraituz bidegurutze batera iritsi eta ezkerretara aparkaleku txiki bat dago eta haren aldamenean iturri edo ur emari zaharra.

Pista nagusia jarraituko dut tarte batez. Eguzkiaren izpiak aurpegian jotzean kaleko tenperatura hotzak eramangarriagoak egingo dituzte.


Geroago jaisterakoan erabiliko dudan pistaren bidegurutzea utzi eta zuzen jarraituko dut.
Pistatik jarraitu beharra dago hurrengo bidegurutzera arte. Bertan eskuin aldetik jarraituko dudalarik.



Izaga aldera abiatuko den pista honetatik kilometro eta erdi pasatxo egin beharko ditut oraindik.



Bihurgune batean pista utzi eta zuzenean lurrezko pistatxo batera pasako naiz, errekatxo baten aldamenean hasten dena.

Soro batera iritsi eta honen goiko aldean hesi bat gainditu beharko dut.
Pinadian barneratzeko.
 Apur bat gorago aska eta iturri gehi ur biltegi bate dago.


Gorago berriz pista zabalago eta hobeago batekin topatu eta ezkerreko aldetik jarraitu beharko dugu.
Pista honetatik gorat kilometro bat ibili beharko dugu. Puntu horretan eskuin aldetik abiatzen den pista txikiago batetara pasatuz.

Pista honetatik eskuin alderako bihurgunea du eta apurtxo bat gora eramaten gaitu.


Zenbait metro gorago, zuzenean hasten den bidexka batetara zuzendu beharko gara pista utziz.
Bertan hasiko da igoeraren zatirik politena. Basoan barneratuz eta tontorraren azpiko haitzen azpitik ibiliz.
 Basoaren aberastasunaren isla, basurdeek erabilitako lokats putxua.
Aurrerago hesi hau gainditu beharko dugu.
Igoeran zehar Pirinioetako eta Ilunberriko haranaren ikuspegi ederretaz goxatzeko aukera aunitz izango ditugu.














Poliki poliki eta gailurrari buelta emanik San Miguel de Izaga baselizara. Baseliza honen informazio hau bildu nuen aurreko sarrera edo ibilbide batean. "Egitura bereziko baseliza da. Hiru nabetako gorputz baten aurrean, gurutze formako pilare eta pilastra zilindrikoetan eutsita, zeharka bideko nabe baten antzeko zerbait dao, badirudi bigarren eliza bat bezala eta Iparretik Hegoalderako norantzaduna. Honek buru alde poligonalaz osaturik dago. Aurreko abside poligonal erdiko honek badirudi gerora eraikitakoa izan daitekela, buru alde original galdua ordezkatzeko.
Nabearen bigarren zatian bi ate irekitzen dira, bata Ipar aldeko hormetan eta bertzea Hegoaldekoetan. Bata arku puntadunarekin eta bertzea erdizirkularra.
Barnean klabe berezi batzuk omen dituelarik."
Baselizatik medi magala gorantzako bidea hartu beharra dago gailurrera iristeko. Haizeak gogoz astintzen nau eta tenperatura hotza da, horregatik gailurrera igo, argazki batzuk atera eta agudo baselizara jaitsiko naiz.






 Elomendi.
 Buzoia eta erpin geodesikoa.


Baselizara gerturatzean haizea ez du horren gogo jotzen eta bertan hamaiketakoa hartzeko tartetxo bat ere izango dut.
Baselizatik beretik Pirinioetako ikuspegiak ederrak dira. Hona hemen bertze argazki batzuk.



Hamaiketakoaren ondoren baselizari buelta emango diot bertze magaleko bidea hartzeko.




Bide honek erretako basoaren aldera eramango gaitu.

Jaitsierako zatirik aldapatsuaren bukaeran bidegurutze bat izango dugu. Gaurkoan eskuinetik jarraitu beharra dago Ardanatz herrira iristeko, bertzela Zuhatzu edo Erreta herrietara joango ginen.

Ipar aldeko aldean gaudenez goroldioak nagusitu egiten dira eta landaredia nahiko zarbatsua da.
Bide polit honetatik beherantz egingo dugu agudo. Momentu batean bidea pistan bilakatuko da eta zenbait laburbideen bitartez, hortaz erne zutoin eta harrisko multzoetara, Ardanatz herrirat gerturatuko gara.




Konturatu orduko, goizean baztertu dugun aurrenetariko bidegurutzera irtsiko naiz eta bertatik herrira.
Herriko goiko aldean dagoen iturri edo ur biltegia.

 Karrika nagusitik eta berriz udalaren aurretik igaroko naiz iturrira iristeko.
Kotxera iritsi eta aldatu ostean Ardanatz herriko gurutzea bisitatzea gomendagarria da etxera abiatu aurretik. Hona hemen argazki batzuk.









iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina