Linzako aterpetik abiaturik Larrako ataka edo mendatera hurbilduko naiz, bertatik Linzolako eguterako korridoretik Ukerdi mendiko mendi-lepora iristeko.
Txangoa raketekin burutu izan dut, hortaz igoerak eta jaitsierak maiz zuzenean burutu ditut, beraz elurrik gabe egiten baduzue kontutan izan beharko duzue tracka jarraitzean.
Goizean goiz ibiltzen hasi naiz, elurra hormaturik harrapatzeko baina hegoa aldera ematen duten magaletan elurra metaturik zegoen eta hauts elurra topatu dudanez, ustez baino gehiago kostatu izan zait, bai denbora aldetik, baita ahalegin eta erabilitako indarrei erreparatuz.
Txangoaren bideoa:
Ibilbidearen xehetasunak Wikiloc-en
Powered by Wikiloc
Ibilbidea eta altimetria
Egunak argitu aurretik martxan jarri naiz. Linzako aterpeko aparkalekua beterik zegoen eta beraz errepidetik beherat egin behar izan dut kotxerako tartetxo bat aurkitu arte.
Linzako aterpera gerturatu eta bere gibelean dagoen zubitxotik pasatzean raketak paratuko ditut.
Errekaren bertze aldean zutoin bat dago, mendi ibilbide ezberdinak markatu egiten dituenak.
Eguna argitzen hasia da beraz eguzkia oraindik ortzian ikusten ez bada ere, nahikoa da frontala gordetzeko. Aurreneko aldapei aurre egingo diet. Sobrante de Linza du izena mendi magala honek.
Gorat egitean Sobarcal eta Atxeritoko aldeak bere edertasunean ageriko dira.
Nire gibelean dauden mendietan aldiz, eguzki aurren izpiek tontorrak koloreztatu egiten dituzte. Horien artean hanpatzekoa Ezkaurreko gailur nagusiarena. Haitzak eta mendiaren artean sortu egiten diren argi gerizpeak gailur honen benetako tankera erakusten dute. Aurreko ibilbide batean, Hego aldetik egindako txangoan, bertze isurialdea ezagutzeko beta izan nuen, baita bere iboia ere (Bertan duzue esteka).
Txamantxoiaren tontorrean ere eguneko aurren eguzki izpiek argitu berria dute.
Gorago jarraitu eta Linzako sobranteak, harantxo txiki bat osatzen du. Bertan izen bereko trikuharria dago baina gaurkoan elurrak estali egiten du dena. Errekatxoa guztiz hormaturik ez dagoenez egitura bereziak sortzen ditu.
Aurrerago jarraitu eta Lapaquiza de Linzolaren gailurra ere argiztatzen hasiko da. Baina eguzkia Sobarcal eta Atxerito aldetik ateratzear dago eta egunsentiak mementu xarmagarria eskaintzera datorkit. Hori dela eta argazki makina atera eta honetaz goxatzeko prestatu egiten naiz.
Momentu ezberdinak eta gune ezberdinetik ateratako argazkiak dira.
Baina eguna argitzearen ikuskizuna nahikoa ez balitz, naturak bertze bitxikeri bat eskainiko dit. Erreparatu ondorengo argazkin. Hasiera batean neronek ere ez nuen erreparatu ere egin eta.
Aurrerago jarraitu eta nire aurretik sarrio familia bat gurutzatu egiten da. Inork ez dagoenez, isiltasuna nagusi denez, patxadaz aldapa gorat egiten dute eta rato luze batez nire bista eta objetiboaren aurrean dauzkat, argazki eder batzuk ateratzeko beta eskainiko dizkidatelarik. Hona hemen horietako gutxi batzuk.
Honengatik bakarrik bada ere, goizen goiz jaikitzeak merezi izan du.
Linzako mendi lepoa aldera jarraituko dut.
Eta Sobarcal eta Atxerito aldetik eguzkia ortzian gora egiten du.
GRak bertze mendi lepo batetara eramaten nau, eta zati batez oraindik gerizpean ibili beharko dut.
Baina behin mendi lepora iristean, eguzkiak Larra osoa argiturik du eta bertatik Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia eta Budogia gehi lapiaz osoaren ikuspegi ederrak izango ditut, Solanara jaitsi aurretik.
Petretxemaren gailurra.
Hiru Erregeen Mahaia eta La Table
Mendi Lepoan dagoen zutoina
Solana aldera hurbiltzean, izenari bat eginik eguzkia berriz ere lagun izango dut. Tenperatura zerotik azpiko zenbait gradutakoa izanik, egia da estimatu egiten dela.
Lapakiza
Petretxema
Linzolako Lapakiza.
La Solanako harantxora jaitsiko naiz eta bertatik lapiazaren tankera ederki somatzerik dago. Harritxa, arrakailuak, lezeak eta abar erliebean gora behera, sakonune, menditxo eta aldapak nabarmentzen direlarik.
Hoya de la Solanara iritsi eta trikuharri bat egon behar duen puntutik gertu zutoin bat dago. Normalean ibilbide gehienek bertatik Budogia edo Hiru Erregeen Mahaira bideratzen dira. Baina gaurkoan ezkerretik beherat, Larrako ataka edo mendate aldera bideratuko nahiz. Lapakiza, Budogia eta Ukerdi mendien magalen arteko haranetik barna.
Hoyara iritsi eta eskiatzaileek egindako urratsak ekidituz, mendi magala zeharkatu eta Linzolako egutera edo Solana alderantz zuzenduko naiz.
Aldapa gogorrak hemendik aurrera izango ditut, eta normalean bertatik inork gutxi ez badabilen arren, gaurkoan eskiatzaileek korridoreko zati batean zehar izango dute proba, beraz noizean behinka bikote ezberdinekin gurutzatuko naiz.
Ukerdiko Erreseba-Integralean barneratuko naiz eta bertan kareharriaz gain landaredi nabarmengarriena pinu beltzak dira. Zuhaitz berezi hauek, pinus uncinata izen zientifikokoak, arras bereziak dira, altuera garaietan hasitzen dira eta egitura ezberdinak eskaintzen dituzte, harritzara egokitzeko ahalmen haundia bai dute.
Poliki poliki korridoretik gora egiten dut. Elurra ez dago hormaturik eta raketak eraman arren, zenbait zatietan urratsa nabarmena egin behar izaten dut. Eskerrak paisaia berezia eta ederra dela.
Ukerdiko gailurra goitian ikusgai.
Neke eginda azkenean mendi lepoa eskuragarri dut.
Eta azkenean mendi-lepora iristen naiz. Bertan aldiz haizearen indarragatik dena hormaturik topatuko dut. Añelarra, Ukerdi bera, Budogia, Anie eta bereziki Hiru Erregeen Mahaiaren ikuspegi ez ohikoetaz gozatzeko denbora iritsi zait.
Añelarra
Ukerdiko gailurra
Anie
Peneblanque
Hiru Erregeen Mahaiko tontorra
Lastima haizeak gogoz astintzen nauela eta ez didala bertan bazkaltzen utziko. Ukerdiren tontorra bertze behin batetarako utzi beharko dut. Raketekin nago eta krampoiak eta pioletak igo ditudan arren, ez dut arista baldintza onetan topatu. Hori eta nekeak, bertze egun batetarako uzteko erabakia hartzen lagunduko didate.
Hortaz korridoretik beherat jaisten hasiko naiz, haizeaz babesteko.
Pinu beltzak zuhaitz gogorra direlaren isla dituzue ondorengo argazkiak.
Haizeak elurrean forma bereziak sortu egiten ditu ere.
Tartetxo bat hartuko dut zerbait bazkaltzeko eta Larrako atakara jaitsiko naiz.
Bertatik Solana alderako igoera aurretik dut.
Oraindik Larraren ikuspegi ederretaz goxatzeko beta izango dut Linzolako mendi leporako bidean.
Azkenean eta nahiko nekaturik zutoinara iritsiko naiz. Eskerrak oraingoan aldapan behera dela. Ibilbide osoan zehar bakarrik egon naizen arren, mendi lepotik beherat hiru mendigoizaleekin elkartuko naiz eta beraiekin Linzara jaitsi ere.
Petretxemako kubilarraren iturria elurraren artean nabarmentzen da.
Azken aldapak ditut oraindik. Jada ilargia ikusgai dut.
Eta zenbait orduko ibilaldiaren ostean Linzara iritsiko gara. Haizerik gabe eta arratsaldea izanik tenperatura estiarekin.
Traste guztiak kendu, arropaz aldatu eta zerbait jan eta gero, etxeko bideari ekingo diot. Hala ere Alanoen mendi-zerrak eskaintzen dizkidan ikuspegiak aurrean izanik, eguneko azken argazkiak egitera geldituko naiz.
Txango luzea raketekin egiteko, metaturiko altuera nahikokoa, 1.200 metro ingurukoa eta beraz nekagarria. Hala ere eguraldi eta paisai hauekin erabat indar berriturik bueltatuko naiz etxera.
Txango guztiz gomendagarria.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina