2018(e)ko maiatzaren 12(a), larunbata

Bisaurin mendia zirkularra

Gaurko txangoa Piriniotan barnekoa duzue. Lizarako aterpetik Bisaurin mendirako igoera zirkularra. Igoera Castilloneseko trokatik eta ondoren mendi-ertzatik tontorrera eta jaitsiera bide normaletik, hots, Foraton mendi-lepotik.
Maiatzean burutu dudan arren, elur asko topatu dut eta tenperatura estiak izanik, elurra ez zegoen guztiz hormaturik, horrek eragina izan du txangoa burutzeko denboran ere. Gainera eguna zoragarria izan denez eta eremua xarma handikoa izanik, denbora eman izan dut paisaietaz gozatzen, bakardadeaz baita isiltasunaz ere.
Teknikoki ez du zailtasun gehiegirik, mendi-ertzara iristeko korridore antzeko batetik egiten bai da, hala ere material teknikoa eramatea ezin bertzekoa izan da gaurkoan.
Halako mendietarako igotzeko garai hoberena ez dela agerikoa da, tontorra oso jende gutxik zapaldu du gaurkoan eta bide honetatik lau pertsona bertzerik ez gara igo. Horrek ere tontorrean bakarrik izateko beta eskaini dit.

Ibilbidearen xehetasunak wikilocen

Powered by Wikiloc

Txangoko bideoa

Ibilbidea eta altimetria.


Goizean goiz Lizara aterpetko aparkalekura iritsi eta material guztia jantsi eta motxila prestatu ondoren ibiltzen hasi naiz.
Eguneko aurren argiak soilik mendi garaien tontorrak distiratzen dituzte.

 Bernera mendia
 Bisaurin mendi-ertza soilik eguzki izpiak jasotzen ditu oraindik

 Llana de Bozo aldera.
Lizarako lautadatik gorat egiten hasiko naiz, pistara iritsi arte. Bertan zutoin batek bide ezberdinak markatu egiten ditu. Arestian aipatu dudan bezala, nire gaurko bidea eskuinetik gorakoa izango da.
 GR 11 ren zutoina

 Bernera alderako norantza hartu.
Bidexka batetik igotzen jarraitu eta azken zuhaitzak gaindituko ditut Bisaurineko hormetara gerturatuz.


Handik gutxira Ordelca aterpera iritsiko naizelarik.


Bisaurin mendiko hormak inguratuko ditut Castillones trokan barneratzeko. Haitzetara begira eta sarrio bat ikusi izan dut.


Trokara sartu aurretik argazki panoramiko bat.
Trokaren hasieran Pico alto de Portaza eta Cúpula de Secus ikusgai izango ditugu eta norantzaren erreferente.

Barruarago troka estutu egiten da eta errekatxoaren bertze aldean, udaberria izanik ur-jauzi ederrak ikusgai ditut.

Bidean hesi bat topatuko dut, eta gaurkoan hortik aurrera jada elurra ere.


Gorago jarraitu eta zenbaitetan errekatxora hurbilduko da bidea.





Emeki emeki Los Forestales aterpera gerturatuko naiz, eta jada eguzkia lagun izango dut tontorreraino.









Aterpean atsedenalditxo bat, jada 400 metroko igoera egin ditut eta.
Hemendik Plana Mistresarako bidea laburra da eta haran eder honek paisai ederra eskaintzen dit. Zoragarria errango nukeen. Errekatxoaren zati batzuk agerian dira, jatorri glaziarreko haran honek bere osotasunean agertzen zaigu elurrez estalita dagoenean.






Bidea ezkerretik jarraitu behar dugu. Eskuinetik aldiz Estanes iboira, Bernerako mendi-lepotik, joaterik dago.
Gaurkoan Secus-eko mendi-leporako igoerari ekin behar diot. Hasieran aldapan malkartsuegi ez badiren arren, apurka gogortzen hasiko dira.


Secuserako igoeran, mendigoizale batekin elkartuko naiz, eta apur bat geroago Puntal de Secusetik jaisten diren eskiatzaile bikote batekin ere.

Baina bigarrenek agudo desagertuko dira haranerantz eta aurrenekoa Puntal de Secus aldera jotzen duenez, berriz ere paisai guztia niretako izango dut. Aipatu bezala Bisaurin mendian jendea ez topatzeak nahiko ez ohikoa izaten da.
Mendi-lepora gerturatzen jarraituko dut eta momentu batean ezkerreko kanal batera pasatu beharko dut. Azken zati honetan tarte batez raketak ere paratu izan dut, urratsa sakonegia egiten ari bai nintzen.











Kanalean sartu eta kranpoiak eta pioletak atera beharko ditut eta apurka apurka altuera irabazten denez, Pirinioetako ikuspegia zabalagoa eta oparoagoa irekitzen zait.






Kanaletik eskuin aldera zuzendu beharko gara, gainera goiko aldean elur-erlaitzak ikusgai ditut eta horietariko batzuk, jada elauso edo elur-jasa txikien arrastoak utzi izan dituzte.




Emeki emeki eta ahalegin handiaren ondoren Basés mendi-lepora gerturatuko naiz.


 Bertatik ikuspegiak gero eta zabalagoak ditut.

Bisaurineko mendiko erpina ikusgai dudalarik, bi mendigoizaile atzetik datozela ikusten dut. Hauxe izango da nire aukera, atsedena hartu eta aurreratzen utziko ditut, azken zatian bederen, beraiek urratsa ireki dezaten. Indarrak ia agorturik ditut eta.






Azken zatian mendiko eskiekin, Secuseko mendi-lepotik datorren pertsona bat ere agertuko da.



Honela mendi-ertza azpiko lepotxora iritsiko naiz.


Azken txanpa, mendi-ertzarainoko igoera izango dut. Zatitxo honetan ez dugu erlaitzik topatuko eta azken malda gogorra baden arren, leku teknikotxoago baina politagoa izango da. Puntu honetatik dauzkadan ikuspegiak ederrak oso direlarik.




Neke eginda iritsiko naiz mendi-erpinera eta atsedenalditxo bat hartzea erabakitzen dut, argazkiak eta bideoan momentu eder hauek jasotzeko eta bidenabar aurretik doazen hiru pertsonei denbora emateko gailurrera zapaltzen. Honela geroago bakar bakarrik izango naiz goian.








Tontorrera iristean bakarrik nago paisai eder hauekin. Elur geruza sakona da eta hori dela eta ez da buzoi moduan dagoen, edo zegoen, eskulturarik ikusten ere. Horren ordez, erpineko erlaitzak eta Pirinioak bere osotasunean ditut aurrean. 
Ahalegin guztiak era bat sarituak izan dira, zalantzarik gabe. Halako momentuak bultzatzen gaituzte mendietara etortzen. Neronek nire burutazioekin, sentsazioak pilpilean, isiltasuna, haizeak, eta paisai hauek, zentzumen guztiak indartzen dituzte. Zaila suertatzen da adieraztea, baina une hauexek bizitzari erranahia eskaintzen diote.











 Momentu hau lagunekin partekatu nahiean argazki bat egiten diot nire buruari eta hau gehi bertze zenbait paisaiekin batera igorriko dizkiet ere. Inoiz gutxitan egiten dizkiot nire buruari argazkirik, baina une hau berezia izan da.

Bide normaleko isurialdetik jaisten hasiko naiz. Igoera itzela da hau eta hamaika aldiz Bisaurineko tontorrean izan banaiz ere, sekulan ez dut elurrik gabe egin. Baina elurrez beterik dagoenean jaitsiera dida batean egiten da. Hori bai tentuz ibili beharra dago malda oso handia bai da.







Beraz konturatu gabe Foraton mendi-lepora iritsiko naiz.  600 metrotako desnibela ez da gauza makala.
Bertatik eta elurra nahikoa dagoelarik, bide normala jarraitu ordez, elurrak eskaintzen dituen eremuetatik zuzenean jaitsiko naiz 1760 metro inguru arte.







Azken elurtegian kranpoiak gorde eta bertik GR 11.1 edo Camilleko bidera ezer gutxi izango dut.

Bide normalatik beherat, iturri eder batekin topo egingo dut.


Bidea zabaltzen doa baina oraindik udaberriko belardietan elurraren eragina nabaria da, hala ere eguzkiaren indarra handitzen delaren isla zenbait lore ikusgai izango dira.

Konturatu orduko, bidea pista batean bilakatu da eta bertatik Fuenfríara ezer gutxi izango dut.
Beherago goizeko bidegurutzera iritsi eta oraingoan pistatik jarraitzea erabakitzen dut.

Azkenik Lizarako aterpearen gainera iritsi baino lehentxeago, ezkerretik abiatzen den bidexkatik haranera jaitsiko naiz, aterpera iristeko.



Ibilbide gogorra, bereziki elurraren baldintzengatik baina arras polita. Eguna zoragarria izan da eta oraindik errepidetik noala, errekatxo batzuetan argazkiak egitera gelditu izan naiz.
Txango ederra benetan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina