Eguraldiaren iragarpenak onak ez zirenez, azkenean Iruñatik ibilbide zirkular bat egitea erabaki izan dugu.
Hasiera Amaiur Ikastolako atarian izan dugu eta 31,5 km inguruko txangoa burutu dugu, Sadar, Elortz eta Arga ibai ertzeak bisitatuz, ondoren Iza ingurutik buelta egiteko.
Ibilbidearen xehetasunak wikilocen
Powered by Wikiloc
Txangoko bideoa:
Lagun gutxi elkartu izan gara gaurkoan, jendeak iragarpenen beldur zela eta, hala ere eguraldiak errespetatu gaitu eta tantatxo gutxi batzuk bertzerik ez ditugu izan.
Fuente del Hierro aldapatik beherat Sadar ibai ertzera iritsi izan gara.
Errepidea zeharkatu dugu Etxabakoitzen barneratzeko.
Bertan Elortz ibaiaren gaineko pasabidetik bertze ertzean dagoen txirrindulari eta oinezkoen bidea jarraitzeko.
Elortz ibaiko ertze honetatik zati bat egin dugu, aurrerago dagoen zurezko zubi baten bidez berriz ere ibaia gainditu dugun arte.
Askaltokia eta baratzak gainditu eta Zizurrera doan bidegurutzera iritsi izan gara.
Aurretik Eulzako jauntxerrirainoko aldapa genuen, eta poliki poliki garaitzea lortu dugu.
Berriz aldapa beherat Arga ibai ertzean dagoen parkeraino, eta bertan ezkerrerako bidegurutzetik zubi berrira.
Arga ibaiko bertze ertzetik, autopistaren azpiko eremura iritsiz. Bertan txirrindulekin krosa egiteko tokia prestatu dute, eta gaurkoan ere animatu izan da batek baino gehiago.
Eremu honen parean Elortz eta Arga ibaiak elkatu egiten dira.
Aurrerago jarraitu eta Arazuriko araztegirako sifoian gelditu izan gara azalpenak irakurtzeko.
Aurrerago Arazuriko zubi zaharra zeharkatu dugu, Argaren bertze aldetik jarraitzeko.
Momentu batean Arazurira igotzeko zubi bat dago, baina eguraldiak orain arte errespetatu gaituenez, urrutirago joatearen erabakia hartuko dugu.
Honela Araztegira doan errepidera aterako gara eta eskuin aldera jarraitu ere.
Oltzara doan errepidearen bidegurutzera iritsi eta ezkerretik Paternain norantzan metro batzuk ere egin izan ditugu, gure eskuinetik abiatzen den pista batetara iritsi arte.
Pista hau jarraitu eta eguneko aldapari aurre egin behar izan diogu. Harri solte aunitz zituenez teknikoagoa da eta normala denez, azken zatia txirrindula eskuan genuelarik bukatu behar izan dugu.
Pista jarraitu eta Ibero herrira eramango gaituen zubira gainditu behar izan dugu.
Iberoko elizaren aterpean hartu dugu hamaiketakoa.
Tamalgarria da elizaren arkupean oraindik sinbolo frankista hau eskegita izatea. Ez du legea betetzen eta.
Ibero herritik irteera izan da zatirik arriskutsuena. Errepide nagusitik metro batzuk egin behar dira, gerora errepidea zeharkatu eta ezkerretik abiatzen den pistara pasatzeko.
Pista zuzen jarraituz Izkue herrira doan bidegurutzera iritsiko gara. Bertan Arakil ibaia ikusi baina zeharkatu ez. Bidegurutzean eskuinera jarraitu beharko dugu Ororbiara iristeko.
Ororbia herria zeharkatu eta Iruñerako bidean, ezkerretik bertze pista bat hartuko dugu, errepidea ekiditeko.
Pista honek Izara gerturatuko gaitu, baina asfaltaturik dagoen bidegurutze batetara iritsi aurretik eskuinetik abiatzen den bertze pista batetik jarraituko dugu.
Arazuritik Izara doan errepidea zeharkatu eta zuzen segitu dugu Orkoiengo zubi zaharrera iritsi arte.
Juslapeña ibai ingurutik eta autobidearen paretik egingo ditugu ondorengo metroak, Lozarako errepidearekin bat egin arte.
Lozarako norantzan metro gutxi batzuk ibili eta eskuinetik irekitzen den pista hartuko dugu.
Pista honetatik Agustinoseko poligonora iritsiko gara.
Autopistaren azpiko zubian apurtxo batez gelditu gara bi tanta erortzen hasiak direlako eta tamalez gurpil bat zulatu egin dugulako.
Berriz ere eguzkia irteten da eta matxura konpondu eta gero, Berriozarreko pasealekutik Decatholera iritsi eta bertan bidegorria hartuko dugu.
Bidegorria jarraituz Sanduzelaira iritsiko gara eta Biurdana parketik Ermitagainaraino, bertatik ikastolara iristeko.
http://mendikosterak.blogspot.com.es/2018/05/iruna-ibero-iruna-txirrindulez.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina