2018(e)ko urriaren 2(a), asteartea

Lizarraga - San Adrian - Santa Marina - Lezeaundi - Lizarraga BTT

Gaurko ibilbidea txirrindulaz buruturikoa da.
Azalpenak eman aurretik argitu beharra dago, ibilbidearen zenbait gune ez direla ziklableak, hots, txirrindula gure gainean eraman beharko dugula. Gehiegi ez badiren arren, hobe hasieratik aipatzea.
Luzera gehiegi ez duen ibilbidea da, 27 kilometro inguru, eta bereziki hainbat leku bisitatzeko helburuarekin egindakoa, ez txirrindularekin ibilbide teknikoa burutzekoarekin.

Ibilbidearen xehetasunak wikilocen:
Powered by Wikiloc

Ibilbidean zehar egindako bideoa


Ibilbidea eta profila.

Lizarragako bentetan, edo tuneletik irten eta bertan dagoen aparkalekuan izan dut hasiera. Beriain aldera jo ordez, eskuineko eremuetara zuzendu naiz. Eremua ezaguna dut eta aurretik irakurgai dituzuen bi sarreretako ibilbideak elkartu eta osatzeko asmoarekin abiatu naiz. Bata raketekin buruturikoa. 
Lizarragako mendatetik Portupeko Lezea eta Lezeaundi, eta bertzea ipar eskiekin eginda. 

Pista jarraituz, burnizko egituraren gainetik pasa eta aldapa gora egin beharko dugu, berotzen hasteko.

Segituan borda batzuetara iritsiz.
Aurrerago jarraitu eta bidegurutze batetara iritsiko gara. Joaterakoan zuzen jarraituko dugu eta itzuleran bertze aldetik bueltatuko gara.


Apur bat aurrerago, harri multzo bat topatuko dugu pistaren eskuinetik. Bertatik igotzen ahaleginduko gara. Ondorengo zatia ez da ziklablea izango eta apur batez txirrindula gainean eraman beharko dugu.
Hala ere merezi izango du, maldaren erdi aldean artzaien etxola zaharren aurriak ikusgai izango ditugulako.




San Adrian baselizaren parean dagoen tontortxora igoko gara.




Tontor honen azpian altare bat eraiki dute. Hara jaitsi eta baselizara eta buzoira zuzenduko gara. Bertatik ikuspegi ederrak oso izango ditugu Burunda eta Sakanaren gainean.






Baselizatik abiatzen diren gurpil-arrasto edo erreiletik beherat egingo dugu. Aldaparen erdi aldean artzaien bertze borda baten aurriak topatuko ditugu.
Eta apur bat beherago pista nagusira irtengo gara. Hortaz norbaitek ez badu San Adrianera igo nahi, edo eta txirrindulez egin nahi badu, datorrela bidegurutze honera arte eta bertatik igoera errazagoa topatuko du.

Pista basotik jarraituko dugu eta belardietara irtetzerakoan, Etxarritik igotzen den bidea gaindituz, eskuinetik desbideratuko gara. Bertan Portugañeko trikuharria bisitatzera.


Bertatik eta beti amildegiaren paretik, Arzabal edo Iruelorrieta mendiko tontorrera iritsiko gara. Etxarriko herrikoek, usadio zaharrei eutsiz, bertan paratu izaten dute maiatza.




Arzabaletik aurrera, aldapatxo ez ziklable bat topatuko dugu, baina hau gaindituta txirrindularen gainean Baiza mendira iristerik izango dugu.



Baiza menditik jaisterakoan eragozpenak topatuko ditugu, eta bereziki beheko partean txirrindula gure gainean eraman beharko dugu urmaelera iristeko.



Urmaeletik pista bat hasiko da.


Eta pista hori beherat jarraituz basoan sartuko gara eta geroago atera ere.

Urrengo bidegurutzean, eskuinetik desbideratuko gara Santamarina aldera gerturatzeko.

Belarrean gurpil-bidea nabaria da, eta hortik jarraituz Santa Marina trikuharrira iritsiko gara.



Trikuharritik gertu haitz handi bat dago, harat jaitsiko gara, geroago pinadi bat inguratuz Santa Marina aterpera iristeko.









Bertako ikuspegietaz gozatu eta gero, eraikinen gibeletik abiatzen den pistara pasako gara.




Pista nagusi baten bidegurutzera iristerakoan, ezkerretik gorat jarraitu beharko dugu. Hiru bat kilometro aurrerago azienda edo abereak sailkatzeko egitura batzuk ikusiko ditugu. Bertan eskuinetik abiatzen den pistara pasako garelarik.

Pista berri hau, segituan utziko dugu, berriz ere belarraren gaineko gurpil-bide bat hartzeko.

Norantza bera mantenduz eta tentuz ibiliz, zenbait zatitan txirrindularekin ezin izango bai gara ibili, borda batetara iritsiko gara.


Txirrindula bertan ustez gomendatzen dizuet. Hemendik aurrera, Lezeaundira jaisteko, hobeto dugu oinez egitea eta.


Lezeaundi. Dolina errandoi batetarik sorturiko leze berezia. 30 metrotik gorako altuera duen lezea eta zabaleraz 450 metro inguru.












Bisita egin ostean berriz bidea atzera egin eta bertze urmael batetara bideratuko gara. Bide zati hau ere ez dago soberan argia, beraz tentuz ibili.



Beherago dugun pistara atera eta ezkerretik jarraitu. Dionsare eremuan bihurgune ederra beteko du pistak, eta apur bat aurrerago bidegurutze bat izango dugu. Puntu honetan ezkerretik doan pista jarraitu, ez ordea zuzen abiatzen den.

Pista segi eta aurrerago bertze pista betekin bat egingo du eta eskuin aldeko norantza jarraituko dugu.
Obats eremuko dolina handi batera aterako gara, bertan basorik gabeko tarte bat ere izango dugu.
Zati batetan zehar lokatsa askoko eremua topatuko dugu. Aurrera jarraitu eta pistak ezker aldek bihurgune handia deskribatuko du. Aurreko dolina handia inguratuz.

Zuzenean jarraitu eta gero apur bat eskuinera pista nagusiago batera ateratzeko. Zati honetan berriki zura ateratzen aritu izan dira eta pista berriak ere izango ditugu, beraz kontuz.



Apur bat aurrerago, Zulo Handiko ikuspegi ederra dugu. Europako dolina sakonenen artekoa dugu hau.


Pista jarraitu eta ondoren topatuko dugun bidegurutzean ezkerreko aldera, beherat, joan beharra dugu.

Pista nagusiago batean bilakatuko da eta momentu batean leze handi batekin topatuko gara. Harrizko horma batez inguruturik.



Pistak ez du galerarik izango. Gainera aurrerago topatuko dugun bidegurutzea zutoin bat dauka. Ezkerretik goizeko bidegurutzera segituan iritsiko garelarik.



Goizeko bidegurutzera iritsi eta azken zatia ibilia atzera egitea bertzerik ez dugu izango Lizarragako bentetara iristeko.




http://mendikosterak.blogspot.com/2018/10/lizarraga-san-adrian-santa-marina.html

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina