Guzti honengatik aspalditik mendilerro guztia zeharkatzeko grina nuen eta gaurko txangoan ibilbide horren xehetasunak erakustera natorkizue.
Ibilbidea luzea izan arren guztiz gomendagarria.
Wikiloc-en ibilbidearen xehetasunak:
Powered by Wikiloc
Ibilbidearen Bideotxoa.
Abiapuntua Ilunberri herrian izan dut. Kanpingaren goiko aldean dagoen aparkalekuan hain zuzen ere.
Goizean goiz abiatzea erabaki dut, bidea luzea izango delakoan eta eguna gero eta laburragoa dugulako.
Bertatik irten eta ezkerraldera jo, ibaiaren aldera eta bertan aurreneko bidegurutzea eskuin aldera eginik. Gure gibelean zubi zaharra utziko dugu.
Handik gutxira Arroilaren hasierara eramanten duen pista nagusia ezkerretik utziko dugu mendia magalera doan bertze pista batetatik jarraitzeko.
Bertatik gaurko aurreneko gailurra ikusten da. Arangoitik lainopean urrun xamar dago oraindik.
Aldapan gora izango dugu hurrengo zatia. Momentu batean eskuinetik abiatzen den den bide batetara pasako gara. Bertatik Leireko mendilerroan egiten zuten ikatsa jaisten zuten Ilunberrin saltzeko.
Bide zaharraren arrastoak oraindik ikusgai ditugu zati batzuetan.
Altuera irabazi ahala Irati eta Zaraitzu ibaien haranen ikuspegia ederragoa da.
Aldapa murriztu egiten denean bidea pista batetan bilakatuko da
eta bertatik urmael batetara iritsiko gara.
Peña del Monumentoko magalak eta hormak ere ikusgai dira.
baita bertze mendi elurtuak ere.
Mendate batetara iritsi eta ezker aldean dugun hesi baten aldamenetik pista utzi beharko dugu mendietara zuzentzeko.
Bertatik Esako urtegiaren ikuspegiak estreinekoz ikusgai izango ditugu. Egun osoan zehar azpiko aldean lagun izango ditugunak, azken finean urtegiaren zabalera gehiena ibiliko dugu eta.
Bidetxoa segituan pista bidegurutze batekin bat egingo du. Kontuz gure bidea pistak zeharkatuz zuzen izango delako gorago hesi batekin topatu egin arte.
Hesiaren eskuin aldetik bideak gorat egingo du. Peña del Momumentoko gailurra arte. Gaurkoan tontorra bisitatu gabe, eskuinetik abiatzen den bidea jarraitzea erabaki egiten dut.
Gora igotzean lainoak alde egiten du eta ikuspegi zabalak izango ditut. Hala ere azken argazkiak tenperatura zein den erakusten du.
Pirinioetako aurren ikuspegiak
Esako urtegia
Ilunberri ibarra aldeko ikuspegia.
Ilunberri herria.
Esako urtegiko presa berria.
Arangoitiko magalak igo eta aurreneko tontortxo batean antena txiki bat topatuko dut.
Arbaingu arroila.
Pirinioak
Azkenean Arangoiti mendiko gailurrera iritsiko naiz.
Leireko monasterioa.
Buzoia
Gailurretik aurrera segi eta lepo batetara iritsiko naiz. Bertan eraikin bat dago, goiko antenaren kableak honaino iristen direlarik.
Jada Leireko mendilerroan gaude eta bidea basotik eramango gaitu, noizbehinka amildegira gerturatuz eta bertze batzuetan, aldiz bertze isurialdetik jarraituz.
Honela Kastelar mendiko tontorrera iritsiko naizelarik. Mendi honek eskaintzen dituen ikuspegiak ez dira hitzez azaltzerik, argazkiak hobeto azalduko dute gailur honen berezitasunak.
Castelarretik hurrengo leporako bidean harri handi eta paisai berezi bat zeharkatuko dut.
Lepotik Leireko monastegira jaitsi egiten da bide zabal bat. Abeldidea dugu.
Ezkerretik doan pista hartuko dut eta handik gutxira eskuin aldetik abiatzen den bidexka batetara pasa. Erne ibili harri-multzo batzuk adierazten dute bidea eta bertatik joan beharra dago Artzaren zeharkabidera iristeko.
Artzaren zeharkabidea, haitz-zubi handi bat da. Bertan egon arte ez da ikusten bere osotasunean beraz sorpresa ederra hartzen duzu hara iristean.
Mendi-ertzara igo eta bidea gero eta estuago eta ibiltzeko eragozpenekin izango dugu. Hasiera batean ez da nabaria baina zenbait eremutan ezpelak, zuhaitz eroriak edo eta sasiak nahikotxo ertsia uzten dute. Tarte honetan jendea ez dabilela argi da eta aziendak urritu direnez bideak maiz galdu egiten da.
Hala ere toki askotan amildegira gerturatzen da eta ikuspegiak eragozpen guztiak ahanztera eramaten naute.
Kilometro batzuetako bidea da eta zenbait gailur ere bisitatuko ditut, hala nola El Cerro de las Cabañas, Las Leras eta izenik gabeko bertze batzuk.
Azkenean lepo irekiago batetara iritsiko naiz eta bertatik azken mendira igo, Pasopeton edo Eskalar mendira. Honekin ia mendilerro guztia zeharkatuz.
Eskalar tontorra bisitatu aurretik azkeneko aldiz amildegira gerturatuko naiz, Aragoi ibaiko ibarra eta Esako urtegia ikusteko. Beratik ere Pirinioak arras ongi ikusten dira. Arratsaldea dut eta argiak aldatu direnez bertze irudikapen bat eskaintzen didatelarik.
Eskalar gailurretik getu haitz handi bat zintzilik dago eta bertara igotzea oso gomendagarria da.
Buzoia bisitatu eta eguna agortzen doalarik, Castillonuevorako bideari ekingo diot agudo.
Hasierako jaitsiera bidexka estu eta ereindu berria den pinadi batetik izango da, kontuz ibili norantza ez galtzeko. Agudo zura ateratzeko pista batetan bilakatuko da, geroago pista zabalago batekin topatu arte. Azken hau ezkerretik segitu beharra dago, bertze pista zoru hobeagodunarekin topatu arte.
Pista nagusi hau jarraitzerik dago errepiderarte, hala ere puntu batean bide zaharrago batetara pasatzea erabakitzen dut, zatitxo bat aurrezteko asmoarekin.
Bidean herria eta bereziki Pirinioetako ikuspegiak ederrak dira oso, kontutan izan eguneko azken argiek beti bertze itxura bat ematen dietela mendiei eta bereziki elurtutak badaude.
Lau kilometroren ondoren errepidearen aldamenean dauden korta eta bordetara iritsiko naiz, bideari amaiera emanik.
Eskerrak Idoiak honaino bila etorri dela, bertzela Castillonuevo herriraino errepidez tartetxo bat nuen eta.
Ibilbidea guztiz gomendagarria izan da. Paisai ederrak benetan, gune bereziak Artzaren zeharkabidea bezalakoak eta azken zatian jende gutxik ibilitakoa izateagatik.