2017(e)ko azaroaren 5(a), igandea

Larunbe Harriandi Mendurro

Gaurko txangoa Iruñatik gertu kokatzen den eremu batetik burutuko dut. Arte erromanikoa izango da ibilbidearen ildo nagusia, baina naturak ere gune bereziak eskainiko dizkigu.

Wikilocen ibilbidearen xehetasunak:

Powered by Wikiloc


Ibilbidearen bideoa. 

Larunbe herrian abiapuntua izanda, aurreneko bisita herriko harraska batetara egingo dut. Txikia izan arren, apika herri honetan bakarra ez dela izango da deigarriena.




Ibilbidearen arte erromanikoaren adibiderik ikusgarriena San Vicente elizan dugu. Herriaren goiko aldean hasieratik ikusten duguna
 Bertara iristeko kaletik edo eta aurreko etxean ageri den ate edo pasabidetik ere egin dezakegu.

Nahiko ezezaguna den eliza da Larunbekoa, akaso bide nagusietatik bazterturik dagoelako, baina benetan ederra eta hau bisitatzeko bakarrik bada ere herrira gerturatzea merezi du. Nire kasuan ibilbide batetik elkartzean eta geroago ikusterik izango ditudan aurriak kontutan izanda, eguna borobiltzeko beta ederra.

San Vicente eliza IKO edo Interes Kulturaleko Ondasun gisa izendatuta dago 1993. urtetik.
Sarrerako atea hiru arkiboltaz osaturik dago, hauen ginbelak bola eta hostoen apaindura eskemati
zatudunekin, XIII. mendean ohikoak diren modukoak.

Baina San Vicente elizaren atalik deigarriena bere ateaurreko elizpe edo eliz ataria, hots, portikoa da. Bertze harlandu mota batez eraikita dagoenez, elizaren garai ezberdin batekoa dela erakusten digu. itxuraz, Gazolazen agertzen denaren parekotasuna duenez XIII. mendeko aurreneko herenekoa bezala datatu daiteke, bereziki aurkezten dituen eraikitze egiturarengatik, Gotiko garaikoa, baina eskulturak erromaniko garaiko estilokoak direla ez dago zalantzarik.

Atari aldean lau bao ditu, kontrahormen artean, eta hiru leihate, horietariko bat nahiko hondatua, nahiz eta zaharberritze prozesuaren ostean bertze ikuspegi bat izan.
Sarrera puntadun arku bikoitzaren bitartez osatua dago, ginbelak azken afariaren eskenak, hegaztiak eta lau hankeko animaliek osatu egiten dituzte. Arkuaren eskuin aldean aingeru eta krismon berantiar bat ageri dira.


Leihateen banaketa honakoa da, bat atearan alde batean eta bertzean bi. Puntadun arku bikoitzaz osaturik daude, barruko aldean  arku ojibal bikoitza mainela edo parteluzadunarekin. Gehienak pilare oktogonalak,  erastunez osaturiko basamentuarekin,  euskarri gisa nagusitzen dira. Ginbelak aberatsak oso dira, bertan itun berriaren eskenak animali eta landarediarekin batera agertzen dira.

Ezkerreko leihatea









Eskuineko leihatea





Atetik eskuineko aurren leihatea




Ginbelen irudiak hauexek dira, ezkerreko leihatetik hasita; kanpoko aldekoetan lau hankadun animali  handiak, Errege magoak mainelean, mahatsondoak eta bururik gabeko hegazti bat.  Barruko aldean aldiz, lau hankako animaliak, epifania eta azken afaria, azken hau atariko aipaturiko zatiarekin osatu egiten dena.
Eskuineko leihatean: kanpoko aldean ama birjina semearekin aingeru batez lagundutak, giza irudi bat eta arrano bat hesiaturiko animali batekin eta bertze arrano bat lau hankako animali batekin eta gero bertze halako animali bat; barneko aldean animaliak berriz ere, hegazti bat untzi bat harrapatzen, sugeak, Dona Mikele arimak pisatzen eta hostoak.
Azken leihatean: kanpoko aldean Deikundea edo anunziazioa, arranoak, gurutziltzaketa eta Pedro deuna giltzarekin zeruko atearen aldamenean. Barruko aldean jarraipena dute, hosto, hegazti eta irudi batekin.














Goiko aldean kanezillo edo zurburu erromanikoez horniturik dago. Hauen artean giza buruak, animaliak, gizaki makurtuak, mounstroak eta abar.
 Ohiko irudi hedonikoak ere ageri dira zurburuetan.



Elizpearen barrukoa gurutzadura gangez osaturiko lau zatitan banaturik dago. Gakoak edo klabeak aurkezten duten dekorazioa hauxe da, hiru bildotz mistikoarenak eta laugarrena arrano batena. Euskarri moduan apainduriko mentsulaz maskor erraldoiekin.






Atearen zoruan harmarri edo hilarri bat ikusgai dago.
Eta leihate baten erdiko dobelan halako sinboloa.
Elizaren arkupea, bere eskultura erromaniko berantiarrengaitik ezaguna da eliza hau, hortaz ikusi duzuenarekin, uste dut arrazoi nahikoa eskaini dizuedala bisitatxo bat egiteko. Gehiago jakiterik nahi baduzue irakurri arteguiaseko esteka HAU.

Elizaren gibelean hilerria dago eta bertatik gora doan pista jarraitu behar dugu. Aurrerago ate batekin topo egingo dugu eta gaurko bidea hesiaren aldamenetik, eskuinetik jarraitu behar da.
Bidexka ez da oso argia, zenbaitetan ardibide ezberdinekin gurutzatu egiten delako, baina maldan norantza mantenduz eta altuera galdu gabe jarraitzerik dago.
Zatitxo batean, berriki zura ateratzen aritu dira eta bidea zapuztu egin dute.
Eta aurrerago zura ateratzeko pista berri batekin topatuko dugu. Aurre ikusita zegoen bidea nahiko ertsita dagoenez, ezkerretik gora pista berria jarraitzea erabaki egiten dut. Kontuz ibili behar da zati batzuetan nahiko aldapatsua bai da eta zorua lokatsez beterik aurkitzerik dugulako.


Harriandiren tontorretik gertu, eskuinera aterako naiz, hesira hurbilduz. Handik gora egingo dut zuzenean, honela tontorraren azpian dagoen harrobira iristeko.



Goian dauden eraikinen aurriak, seguruenik bertatik ateratako harriz osaturik daudela. Apikan lehengaia bertan izateak eta bereziki gune estrategikoa delako, seguruenik bizilekua bertan eraikitzea erabaki izan zutela gure arbasoek. Badirudi mendi tontor honetan historia aurretik, erroma garaira eta bereziki ertaroko erabilera egiaztatzen duten aztarnak aurkitu izan direla.

Harrobitik beretik igoko naiz tontorrera. Bertan buzoia topatuko dut.

Baina bereziki gaurko ibilaldia burutzeko aitxakia eman didan aurriak ezagutzeko grina nuen eta eguraldia kaskarra izan arren, noizean behin lainoak estalirik, oraindik xarma gehiago eman diote bisitari. Bakarrik, laino tartean, halako gune berezia bisitatzeak bizipen paregabea izan dudana.
Larunbe herriko bizilagunek, Aranzadiko elkartekoekin zenbait urte eman izan dituzte inguru hauek garbitzen. Juantxo Agirrek berak erraten zidan moduan, ez ustean hartu zituen beraiek ere indusketak monasterio erromaniko baten elizaren hiru burualdeko kaperak atera zituztenean. Bazekiten gune honetan historia aurreko aztarnategia zegoela, baina ateratakoarekin eta gainetik ikusten diren bertze horma eta harriengatik, elizaz gain monasterioaren bertze egoitzak industu gabe direnak, badirela argi da. Datorren urteetarako lana bada. Azken urteetan aurkitu den erromaniko aztarnategi berezienean bihurtu du Doneztebeko hau, X eta XI. mendeko aztarnekin.
Egunkarien albiste honetan gehiago irakurtzerik duzue. BERTAN.

Pascual Madozek bere hiztegi geografiko, historiko eta estatistikoan , 1847. urtean argitaraturiko alean, San Gregorio izeneko baseliza bat aipatu egiten du. Hortaz XIX. mendearen erdialdean mendi tontorrean oraindik baseliza bat zegoela argi dago. Harriandi mendiak oraindik San Gregorio izenarekin izendatua izaten da.

Azalpen gehiago baino, zenbait argazkik nire hitzak inguru honen xarma erakutsiko dutelakoan nago.
















Ondorengo bideak oraindik ez uste batzuk eskainiko ditu, bereziki udazkeneko paisaiak ikusteko eta horietaz goxatzeko aukera emango didalako.
Tontorrean berean, hesia bertze aldera pasa eta mendi-ertzatik basoan barneratu, beheko lepora iritsi arte.




Lepoan bertze isurialdera pasako gara, Juslapeña aldera eta basoa, momentuz atzean utziko dugu.
Lepotik gertu tumulu baten aztarnak omen dira, baina egia da sasiz estalia dagoenez ez dela oso argia. Aurrerago hesia gaindituko dut eta zuzenean Urrutxaga tontorrera igoko naiz.




Urrutxagaren bertze aldetik jaitsiko gara antena ikusten den puntura. Bertan borda berri bat dago eta antenara igotzen den pistarekin topatuko gara.
Pista zeharkatu eta zuzen ateratzen den bidetik jarraitu. Segituan eskuinera beherantz, basoan barneratuko gaituena.
Bidea, basoa eta bukaeran Mendurro mendia.
Basoak gune bereziak eskainiko dizkit, eta bakarrik noanez, denboraz, basoaren bertze eskala arakatzeko aukera izango dut. Zoruan bitxikeriak aurkitzerik ditugu, baina normalean halako ibilaldietan ez dugu halakoetan erreparatzen.




 Basoan barrena bidea jarraituz, bidegurutze batetara iritsiko naiz. Bertan kahirn edo harri multzoz ezkerrerako igoera hartu behar da Mendurrora iristeko.


Igoera labur batean Mendurro mendiko tontorrera iritsiko naiz.
Hamaiketakoa hartu eta bertze isurialdetik jaitsiko naiz.  Gailurretik gertu hesia gainditu beharko dut, horratarako topatuko dudan egur-eskala batetatik. 

Geroko bidea ez da oso argia eta batzutan sasiz beteta topatuko dugu. Azienda gutxitu denaren lekuko. Jende asko ez da bertatik ibiltzen eta horregatik aintzinako bideak galduz doaz.
Beraz basotik eta mendi-ertzatik gertu jarraitu beharko da haranera iristeko.






Azkenean pista batekin topo egingo dut eta eskuinetik, herrira eramaten duen bidea jarraitu.
Larunbe herriri iritsi eta aurreneko etxeen parean iturri bat dago.
Beherago herriko bigarren harraska bisitatuko dudalarik.

Arkitektura zibileko eredu ikusgarriak ere ikusgai daude. 
Beheragot pilotaleku berria. Kuriositatez, kanpoko horma batean sekulako rokodromo bat eraikita duena.
Errepidean eta abiapuntura igotzeko bidegurutzean baino apur bat lehenago bertze iturri bat dago.
Eta azkenik ibilgailua aparkatu dudan tokira iritsiko naiz. 
Goiza berezia, arte eredu ikusgarriak, aurri eta aztarnategia eta basoak eskainitako momentuak dira gaurko ibilbidearen elementu aipagarrienak.

Nafar Telebistaren albistea indusketen inguruan:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina