Etxauriko mendatera gerturatu naiz Esparatz mendira igotzeko asmoarekin eta goizaren arabera bertze gailur batzuk ezagutzeko aukerarekin.
Wikiloc-eko profila eta xehetasunak.
Powered by Wikiloc
Txangoko bideotxoa
Etxauriko mendatean aparkatu eta ezkerretatik basoan sartzen den bidexka hartu dut. Aurreneko kilometroak, Ollakarizketa mendia eta Esparatz mendien artean dagoen leporaino GR-aren margoak jarraitu beharko dira.Apur bat aurrerago aurreneko hesia topatu dut. Ezker aldetik gainditzeko atetxoa duena.
Bidea mendi-zerraren erpinetik doa, basoan barna.
Animaliak eta zuhaitzak izango ditugu ikusgai.
Bidea jarraiturik pista batekin topo egingo dugu eta oraingoan ezkerretik gorat jarraitu beharko dugu. Zutoin batek bidea markatu egiten du.
Pista zabalago honetatik igoeratxo bat egin beharko da.
Txarakardia mendiko tontorretik pasako naiz, ia jabetu gabe. Aurrerago berriz hesi bat gainditu beharko da, jada jaitsiera baten hasieran.
Bidegurutze pare bat aurkituko dutut aurrerago. Aurrenekoa eskuinera eta metro gutxi batzuk geroago eskuinera pista bat jarraituz.
Apur bat geroago bertze pista batekin gurutzatuko naiz. Zutoinak begiratu.
Geroago Ollakarizketa mendiko magalari buelta zati bat emango diogu arestian aipaturiko lepora iristeko. Bertatik Peña Handi edo Muzamendi, Peña Txiki eta Esparatz mendiak ikusgai ditut. Eguraldiak ez da gehiegi kaskartu beraz guztiak bisitatzeko beta izango dudala pentsatu dut.
Lepoan dauden pistak zuzen gurutzatu eta gorako bide zabal bati eutsi egin beharko diot.
Bertze hesi bat gainditu eta aurrerago bidegurutze berri bat. Oraingoan ezkerretik gorago dagoen izen gabeko tontorrera hurbiltzea erabakitzen dut.
Berriz puntu horretara itzuli eta zuzen jarraituz Esparatz mendiko gailurrera iritsiko naiz. Tenperatura apur bat jaitsi da, goiz da oraindik eta Urbasatik datozen ekaitzak, ez dira honaino iristen.
Panoramika buzoitik
Allozko urtegia ur gutxi duela agerikoa da.
Gailurraren bertze magaletik jaisten hasi beharra dago, baina kontuz ibili metro gutxi batzuren buruan eskuinetik pinadira barneratzen den bidea hartu beharra dago eta.
Bidexka honek Peña Handiko lepora jaitsiko nau. Hego magaletik jaisten naizenez tenperatura estiagoa da eta noizean behin eguzkia era ateratzen da. Hortaz gosari azkarra egitea erabakitzen dut.
Lokiz eta Gesalazeko harana ikusgai izango ditut.
Eta gertuagotik Peña Handi edo Muzamendiko haitza ere ikustean errespetoa erakusten dit. Haitza galanta benetan, eskerrak irakurria dudala igotzeko bidea dela bertzela ez dirudi erraza izango denik.
Saiak dira tontorrean daudenak, hortaz pentsa zer nolako mendia izango den, beraiek lasaitasunez bertan egoteko.
Lepora iritsi eta hesi bat gainditu beharko da.
Puntu honetan Etxauriko Alexandro Irujorekin topo egingo dut, gailur hauek arras ongi ezagutzen dituen pertsona eta berari esker bertze igotzeko bidea erakutsiko dit. Aurreneko zatitxo bat tentuz ibiltzeko modukoa bada ere, bidexka honetatik ez da beharrezkoa beheraino jaistea. Erne ibili trackari bertzela bidexka ez bada ongi asmatzen eragozpenak izan ditzakezue.
Igotzeko erabilitako bidea.
Harri multzo batekin markatu izan du bidexkaren hasiera Irujo jaunak.
Trepada zatitxo bat ere badago.
Haitzaren ertza irabaztean, bidea hobetu egiten da, lurra gehiago dago. Lepotxo batean bertze haitz erraldoi batekin topatuko gara. Amildegia galanta erakusten duelarik.
Ertzetik jarraituz eta harrietara ongi eutsita, gailurrerar iritsiko gara.
Tontorrean ur tantatxo batzuk erortzen zaizkigu, Urbasako bertze ekaitza batetakoak seguruenik, baina horrek ortzadarra ikusteko aukera ematen digu.
Panoramikak gailurretik.
Bada ez bada eta harriak buztitak ez topatzearren segituan jaitsierako bidea egitea erabakitzen dugu.
Peña Txikia, bertatik ikusita eskalatzaileentzako tontorra bertzerik ez dela dirudi. Baina mendiaren gibeleko aldetik igotzeko bidea dagoela dirudi.
Berriz ere lepora jaitsi eta hesia gainditu dugun tokitik zijoan pistara iritsiko gara.
Buelta ematen diogun bitartean pareta galantak eskaintzen dizkigu, beraz oraindik gehiago hurbildu beharko dugu, bertze magalera.
Ezkerretik abiatzen den pistatik beherat egin beharko dugu lepora iristeko.
Bertatik ere ez du erraza izango denaren itxura handirik, hala ere bide bat dago.
Aldapatsua eta ertzetik igo beharko da, tentu handiz, bereziki goiko aldean trepa pausotxo bat aurkituko dugulako. Berez altuerei beldurra dioten pertsonek ez dute gomendatua ez Peña Txiki ezta Peña Handi, nahiz eta bigarren hau bide errazago bat izan.
Igotzeko erabilitako bidea.
Azkenean gailurrera iritsiko gara.
Jetsieraren ondoren eta Esparatzeko mendatetik, bi mendi hauen ikuspegia errespetoa ematen du.
Lepotik goizean ibilitako bidetik buelta egingo dugu. Baina oraindik Ollakarizketa mendia bisitatzea falta zaigu. Bidegurutze batetik zuzen igotzen jarraitu eta basoan murgilduko gara. Murgiltze hitza nahita erabilita dago, hots, bidexka estu eta nahiko ertsita batetatik burutu beharko dugulako igoera.
Gailurretik Sarbileko ikuspegitxo bat bertzerik ez dago, gainontzeko guztia basoa da eta.
Jaitsierako bidean oraindik Peña Txikiren azken argazkia egiteko beta dut eta oraingoan sain bat harrapatu egiten dudalarik.
Berriz ere goizean ibilitako bidea kontrako norantzan egitea falta zait Etxauriko mendatera iristeko.
Bidea agudo egiten dut, eguraldiak ez bai du itxura onik. Hala ere buzti gabe iritsiko naiz mendatera eta bere behatokira hurbiltzea erabakitzen dut azken argazkiak egiteko.
Ibilbide polita. Gailur bereziak eta xarmaz beterikoak, bereziki haitza biak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina