2020(e)ko abuztuaren 4(a), asteartea

Idorrokia - Harrizabalaga - Gaztenbide Taplatik zirkularra

Ibilbide laburra baina polita Abodiko mendilerrotik. Taplako mendatetik abiatuz, Idorrokia, Harrizabalaga eta Gaztenbide tontorrak igoz eta inguruan dauden trikuharri eta menhirren bat bisitatuz. Hasiera mendilerrok goiko aldeti eta itzulia basotik egingo dugularik.

Ibilbidearen xehetasunak Wikilocen:
Powered by Wikiloc

Ibilbideko bideoa:

Ibilbidea eta altimetria
Ibilbidea 3 D formatuan ikusteko ESTEKA HONETAN.

Taplako mendatean kotxea utzi eta paseo labur hau egiteko gauzak prestatu eta gero aldapan gora hasiko naiz.
Mendatetik ikuspegi ederrak ditugu.
Pirinioak ederki ikusten dira, eta errepidearen bertze aldetik Idorrokia mendia.
Errepidea gainditu eta aldapan gora hasi. Oso nabaria da pistatik, poliki poliki igoko gara Abodiko mendi lerrora.
Aurreneko aldapa igotzean, sai bat buru gainetik hegal egiten du.
Goñiburu eta Bizkarraundi mendiak eta Iratiko ohianaren hasiera ikusgai.
Ia goiko aldean pista utziko dut, ezkerretik Idarrokia mendira igotzeko. Geroago pista honetara aterako naizelarik.
Goiko aldera iristean Pirinioetako ikuspegi ederrak izango dira, eta ibilbide osoan zehar hauetaz goxatzeko aukera izango da.

Tontorrera gerturatuko naiz.Dolinatxo baten gibelean izango dago gailurra.

Idorrokiako buzoia, Goñiburu bere gibelean duelarik.
Taplako mendatea eta Iratitik igotzen den errepidearen zatia.
Buzoitik geroago egingo dudan bidea ikusten da. Mendi lerroaren goiko aldetik ibili beharko da eta.
Panoramika Idorrokia tontorretik.

Ori mendia denbora guzian gure erreferentzia izango da. Pirinioetako alderdi honetako aurren 2.000 metrotik gorako tontorra izanik, egitura berezia eskaintzen dio.

Iratiko Ohianean dagoen Elurretako Andra Mari Baseliza edo La virgen de las Nievesekoa ikusten da.
Iratiko Ohianaren inguruko informazioa:
"Europako pagadi-izeidirik handienak kontuan harturik, bigarrena da Iratiko oihana, Alemaniako Oihan beltzaren atzetik. 17.000 hektarea inguruko gune berde handi-handi hori ia birjina da. Nafarroako ekialdeko Pirinioetan dago, mendiz inguratutako arro batean ( Ori, Abodi…), Pirinioetako Aezkoa eta Zaraitzu ibarren buruan.

Iratiko oihana natur altxorra da, balio ekologiko handikoa, eta babes figura desberdinak daude han: Mendilatz eta Tristuibarteako natur erreserbak eta Lizardoiako erreserba integrala, besteak beste. Pagadi usuek, bazkalekuek, izeiek eta ur freskoek osatzen dute kolore biziak oparitzen dizkigun paisaia, urtaro berriarekin eraldatzen den ingurune paregabea.

Sentsazio ugari eskainiko dizkizu hango oihanak: naturarekiko harremana bakardadean, pagoen eta izeien artean urak sortzen duen marmar basatia, Irati ibaiaren eta Irabia urtegiaren freskotasuna, basapiztien eta udazkenean eroritako hostoen hots iheskorra, basoko fruituen urrina eta Pirinioetako altxor hura estaltzen duen belar mantuaren leuntasuna.
Espezie ugari bizi dira han: hegaztiak (erregetxoak, txontak, txantxangorriak, okil beltzak edo okil gibelnabarrak, besteak beste), uretako espezieak (amuarrainak, adibidez), eta ugaztunak (azeriak, basurdeak, lepahoriak eta orienak...) Iratiko oihanaren udazkeneko protagonista dira azken horiek, sasoi horretan araldian daudenez, emeak bereganatzeko arrek egiten dituzten orroen oihartzuna oihan osoan barreiatzen baita.
Flora ere aberatsa eta askotarikoa da. Baso lanak modu kontrolatuan garatu eta esparru batzuk jatorrian ziren bezala gorde diren arren, oihanaren itxura aldatuz joan da. Gaur egun, pago eta izeiekin batera landare ugari hazten dira: ezkiak, hurritzak, zumarrak, sahatsak, astigarrak, ezpelak, ipuruak, iratzeak, likenak, goroldioak, elorri beltzak eta jatorrizko espezie nagusia izan zela gogorarazten diguten haritz bakartiak. Paisaia askotariko horrek oparitzen duen kolore sorta udazkenean heltzen da une gorenera, garai horretan marroi beroek, hori biziek eta gorri zoragarriek zuhaitzen adaburuak tindatzen baitituzte.

Pirinioetako eremu horrek dituen eurien indize altua dela eta, erreka eta uhar ugarik zeharkatzen dute paisaiaren erliebe malkartsua. Urbeltza eta Urtxuria nabarmentzen dira horien artean. Elurretako Andra Mariaren ermitaren oinean bat egiten dute biek, Irati ibaia sortzeko."



Irabiako urtegiaren ikuspegia. El Irati konpainiak XX. mendeko 20. hamarkadaren hasieran eraikitako uharka, bere presa, gaur egun ikusgai denaren aurretik bertze hiru tamaina txikikoez osaturik izandakoa.
Urte honetan Elurretako Andra Mariren teilatua aldatzeko zurezko oholak egiten ari gara eta udazken parterako teilatua aldatzea aurre ikusia dugu. Oholak egitearen prozesua eta geroko lanarekin Museo Zerbitzuan dokumental berri bat grabatzen ari gara.
Tontorretik jaitsi eta mendilerroko ertze borobildutik aurrera jarraituko dut.
Ondorengo argazkietan Iratiko oihana inguruatzen duten mendiak ikusgai dira.

Urkulu eta Okabe aldera

Harrizabalaga mendiko tontortxoa.

Idorrokia 3 Mendebaldeko trikuharria.
Harrizabalagatik beherat egin beharko da.

Mendilepo honetan Ohianetik datorrem bidearekin bat egingo dugu.
Orhi mendia.

Bidea atzera begiraturik Harrizabalaga mendia.

Gaztenbide mendia.
Orhi mendiko tontorraren xehetasuna. Igoera normalaren bidea ikusgai duelarik.
Bertze sarrera honetan neguko paisaia eta eskuinetik, mendi ertzetik igoera ikusi daiteke. https://mendikosterak.blogspot.com/2019/03/pikatua-orbizkar-orittipi-eta-ori.html
Abodi aldera.


Otsagi eta Muskildako baseliza.
Muskildako baselizaren inguruko informazioa Turismo navarratik:
"Zaraitzu ibarraren iparraldean, mila metrotik gora eraikia dago Muskildako Ama Birjinaren ermita erromanikoa. Bazter eder horretan, gure begiak saiatuko dira urrunean zutik dauden Pirinioetako gailur izugarriak ikustatzen. Aldi berean, oihan sarriak harritu eta xoratu eginen gaitu bere kolore-paleta biziaren bidez.

Haizeak kulunkatutako isiltasunean, ermitak bere barnean gordea dauka Ama Birjina eta Haurraren tailu gotiko bat. Andre Maria irribarretsu ageri da, bere ohoretan egiten diren herri festak noiz iritsiko zain.

Irailean, isiltasuna hautsiko da; festa hasi eta Otsagabiako dantzariak Muskilda inguruan arituko dira, "bobo" esaten dioten pertsonaiak zuzendurik.
Muskildako Ama Birjinaren ermita erromanikoa Pirinioetako Otsagabia herri bitxi eta ederretik lau kilometrora dago, Zaraitzu ibarrean, Nafarroako ipar-ekialdean. Baseliza XII. mendean eraiki zuten eta Muskilda mendiaren kaskoan dago, 1.025 metrotan. Eraikuntzari soiltasuna dario, bai eta dotorezia ere, eta eskualde horretako arkitekturaren ezaugarriez zipriztindua dago. Kontraste eginez, inguru osoko bazterrak harro eta ikusgarriak dira, aldamenean dagoen Abodi Mendia barne.
Tradizioaren arabera, herriko artzain mutil batek, bere abereetako batek gidaturik, Ama Birjinaren irudia aurkitu zuen. Bada, toki hartan berean eraikia dago ermita. Istorioak dio behin batean artzainak zezen bat aurkitu zuela lurrean aztarrika haritz baten ondoan. Hurbiltzean, ohartu zen Ama Birjinaren irudi bat zegoela. Irudia hartu baina mendi erdian utzi behar izan zuen, azienda barreiatu zitzaiolako. Irudiaren bila itzuli zenerako, Ama Birjina desagertua zen. Zezenak berriro ihes egin eta berriz ere irudia haritzaren ondoan aurkitu zuen. Une horretan, oinezko bat agertu eta, artzain gazteak Ama Birjinaren irudia lapurtu zuela susmo harturik, biak Otsagabiara eraman zituen. Biharamunean desagertuak ziren. Azkenean, begi bistakoa baitzen hura, tailua aurkitu zuten lekuan baseliza eraiki zuten, Muskildako Ama Birjinari estalpea emateko. Zaraitzuko zaindaria da.

Tenplua XII. mendekoa da, baina XVII. mendearen erdian zaharberritu zuten. Kanpoaldean duen landa-aireak harrituko zaitu. Dorreak teilatu konikoa du, zurezko teilak eta eskualdeko eraikuntzen estilo tradizionalari jarraiki eraikia dago. Bi ate ditu: nagusia azpimarratu beharra dago bere estilo erromaniko nabarmenagatik.

Barnealdean hiru nabe dituen oin laukizuzena aurkituko duzu eta aldarean erretaula nagusia. Erdigunean Muskildako irudia dago, hots, XV. mendeko tailu gotikoa. Zurezko irudi polikromatua da, urrez apaindua dagoena. 60 zentimetro ditu. Ama Birjinak irribarrea agertzen du itxura alaian. Aldare nagusiaren eta nabearen artean burdinez landutako burdin sare bat dago, XV. mendekoa.

Erromeria Muskildako baselizara

Auzokideek irudiari dioten debozio handia estuki lotua dago herri folkloreari. Horrela, irailaren 8an, Otsagabiako festekin batera, kaskoraino iristen den erromeria egiten da. Udal agintariak, Zaraitzuko jantziak soinean dituztela, santutegirantz abiatzen dira, apezek eta dantza taldeak lagundurik. Egun horietan herrian bazabiltza, ez galdu erromerian parte hartzeko aukera. Izan ere, deigarri gertatuko zaizu dantzen orijinaltasuna, bai eta zortzi dantzariek soinean daramatzaten jantziak ere, den-denak, arlekin moduan jantzitako pertsonaia xelebre eta bitxi batek zuzendurik. Aitzinean doan pertsonaia horri "bobo" esaten diote.
"
Udan azienda mendian lasai egoten da. Ardiak, behiak eta behorrak.

Gaztenbide mendiko tontorretik atzera egin eta mendi lepoan dagoen aterperantz hurbilduko naiz.

Bere inguruan Arrizabalagako menhirra bisitatzeko aukera izango dut. Toponimoak berak arras erranguratsua da.

Bertatik eta mendi magal aldera abiatzen den bidea jarraituko dut Tapla alderantz.
Bidea baso aldera jaisten da, ondoren mendi magaletik eta hau inguratuz Taplara bideratzeko.

Bidearen parean lezetxo bat ageri da.


Basoan murgildu eta bidea zabalagoa egindo da. Baina ez jaitsi errepiderantz. Altuera galdu gabe eta basoaren goiko aldetik, belardietara aterako naiz eta abereen bidexkatik Taplako mendatera bideratuko naiz, errepidea ekidituz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina