Udazkeneko egun euritsu batean buruturiko ibilbide zirkular bat aurkeztuko dut sarrera honetan. Udazkeneko koloreetaz goxatzeko txangoa, baina gaurko kasuan udazkena atzeratua datorrela eta euria eta lainoak, ez didatu kolore ezberdinetaz jabetzeko aukera gehiegirik eskaini.
Ibilbide laburra baina arras polita, bereziki erdi aldeko zatian, zortzi kilometro baino apur bat gehiagokoa, Goldaratz herrian hasiera eta bukaera duena.
Udazkeneko goiz honetan Goldaratz herrira gerturatu nahiz bere inguruan dagoen basoan murgiltzeko asmoz. Eguna euritsua ageri da eta herrira iristean egoera ez du hoberat egin. Kotxea frontoian utzi eta botak jantzi eta gaurkoan ibiltzen hasi aurretik, kapera paratu behar izan dut ere. Baldintzak onak ez diren arren, bidea laburra da eta euria ez da oso gogorra momentu honetan.
Goldaratz herria
Karrika nagusitik gorat bideratu eta segituan herriko iturri eta aska zaharrera iritsiko gara.
Herriko aska
Aurrera jarraitu eta herritik irteterakoan bidegurutze bat topatuko dugu ikuilu handi edo nabe batera iristerakoan. Igoeran ezkerreko pista jarraituko dugu eta jaitsieran ezkerretik itzuliko gara. Bertan bertze iturri bat dago.
Pistatik gora jarraituz herritik urrunduko gara eta altuera apur bat irabaziko dugu. Hirurehun bat metrotara Gilleneko bordara daraman pistan dagoen bidegurutze batetara iritsiko gara. Erne ibili, pista zabala gorantz jarraitzen baduen arren, guk ezkerretik hesi gainditu eta sorotik zuzen basorantz igo beharko dugu eta.
Puntu honetan pista nagusia utzi eta ezkerretik hesia gaindituz basorantz bideratu
Basora iristerakoan bertze hesi bat topatuko dugu eta bertan eskailera berezi bat dago hesia gainditzeko eta bide zahar batetatik basoan barneratuz gorantz jarraitzeko.
Hesia gainditzeko eskailera berezia dago
Tarte hau izango da malkartsuena baina basoan murgiltzen garenez ez da neketsuegia egingo. Gainera hemendik aurrera edonon topatu daitezke aintzinako ikaztegiak. Baso oparoan sartu egiten gara eta malda nahikoa denez erliebeaz jabetzeko aukera izango dugu ere.
Apur bat gorago, berriz ere erne ibili beharko gara, bidegurutze bat izango dugulako soberan markaturik ez dagoena. Eskuinetik igotzen jarraitu beharko da eta ez zuzen.
Bidea eskuinetik gora jarraitu beharra dago puntu honetan
Baso oparoa izan denaren lekuko aunitz topatuko ditugu hemendik aurrera. Ikaztegieta zahar aunitz bideko aldeetara ikusgai dira Larraun ibaian izandako ola ezberdinak hornitzeko.
ikaztegieta zahar baten arrastoak.
Bertatik bidea oraindik aldapatxo malkartsu batzuei aurre egiten dioen arren, segituan altuera nahikoa irabaziko du eta eremu lauago batean, paisai karstiko berezi batera iritsiko gara. Bertan izango ditugu basoko eremu ezkutu politenetarikoak, dolinen eta harri multzoen artean hazi egiten diren zuhaitzak paisaiari xarma berezia eskainiz.
Aitzako Malkorra inguruetara iristean, bihurgune bat trazatu egin behar dugu, ezker aldera, haitz batzuen artean sorturiko bide natural batetik igarotzeko.
Haitz hauen artetik gora jarraitzen du bidea
Haitzetatik igaro ondoren aldapatxo bat izango dugu eta segituan jaisten hasiko gara eta ezkerreko norantza jarraituz pista zabalago batetara iritsiko gara. Pista horretaik jarraitu beharko dugu ondoren.
Pista aurrera jarraituz, momentu batean, eskuin aldean aintziratxo bat aurkituko dugu.
Eta handik ateratzean bidegurutze bat dago, bertan GRarekin bat egingo dugu. Euria apur bat baretu denez, GRaren bidea eskuinetik jarraituko dut Larrazpil inguruko tontortxoetara iristeko ea lainoak Sakana eta Biaizpen eremua ikusteko aukera eskaintzen didaten.
Beraz eskuinetik jarrituko dut, aldapatxo batzuren ondoren, basotik ateratzeko Larrazpileko trikuharri bat ikusteko.
Larrazpil trikuharria
Berriz ere euria hasi du eta ez dut paisaiz gozatzeko aukerarik izango, hortaz agudo bide beretik itzuliko nahiz pistara iritsi arte.
Pistara iristerakoan, gaurko tontorra egitera desbideratuko nahiz. Horretarako zuzen jarraituz Ilarraundiko Malkorrerantz bideratuko naiz. Haitz haundi batzuren goiko partera jo eta handik ezker alderantz mendi magaletik mendi ertzera atera arte. Ondoren bertze magalera igaro eta bidexka batetatik tontorrera iritsiko naiz. Tontor honek basoaren goiko aldean dago eta horri ezker eta haitz bat delako, ikuspegi zabalak izaten ditu. Gaurkoan lainoak paisaiaz disfrutatzeko aukerarik emango ez didan arren.
Ilarraundiko Malkorreko tontorra eta buzoitik Aralar aldera
Tontorretik Erga alderantz
Erpin geodesikoa tontorraren eremu estrategikoaren lekuko
Eguraldia hobetzen ez duenez, agudo jaitsiko naiz eta pistara iristerakoan, ezkerretik beherantz abiatuko naiz ibilbide zirkularra bukatzeko. Aurrerago bertze pisten bidegurutze batetara iritsiko naiz eta ezkerretik beherantz jarraitu beharko dut.
Pista nagusiago honetatik bertze pista batetara iritsiko naiz, bertan ezkerretik Goldaratz herrira iristeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina