Gaurko txangoa burutzeko, Izagaondoko Ardanaz herrira gerturatu naiz Izaga mendira igotzeko asmoz. Ibilbidea joan eta etorria leku beretik egin izan dudalarik. Eguraldia ez da bat ere ona izan, euri zaparrada bi pairatu ditut eta hauek gehi aurreko eguneko euriak bidearen zati askotan lokatsa nagusi izatea eragin izan dute. Gaurkoan gainera lurreko lohia, zerutik eroritako euria eta ezpelek bereziki, metatutako urarengatik arropa blaitzeko egun aproposa izan da. Eskerrak ibilbidea laburra izan dela, hala ere bueltan arropa guztia aldatu behar izan dut.
Ibilbidea eta altimetria.
Wikilocen ibilbidearen xehetasunak.
Powered by Wikiloc
Ibilbidearen bideotxoa:
Ibilbidea mapetan:
Herritik goiko aldera doan pista jarraitu Ardien biltegi handi batera bideratuz. Bertan herriaren ur biltegia aurkituko dut. Bidegurutze aurkitzen da honen aurretik, ezker eta eskuinera pistak abiatuz, baina ibilbidea ur biltegiaren eskuin aldetik sortzen den bidexkatik doa.
Bide honek altuera irabazten den du agudo eta honek herriaren ikuspegi ederrak eskaintzen ditu, bereziki jaitsieran, igoeran lainoak oraindik nagusi bai ziren.
Aurrerago mendiko magaletan barneratzean, bidea ezpelen artetik doa.
Aurreneko bidegurutze bat izango dugu, eskuinetik jarraitu beharrekoa. Harri multzo batzuk adierazi egiten dutena.
Mendi-lepotxo batetara iritsiko gara eta hortik aurrera duela zenbait urte sute batek kiskalitako eremu zabal batean barneratuko gara. Naturak bereak egiten ditu eta hazi aunitz sortu berri dira, erretako zuhaitzen artean. Landaredia ugaldu eta berriz nagusitu egin da. Hala ere sutearen proportzioak handiak izan zirelaren isla nabaria da.
Ibilbidea jarraituz, hesi batekin topo egingo dugu. Ate baten bitartez bertze aldera igaroko naiz.
Bertze aldapatxo batuei ekin eta pista nagusira irtengo gara. Igoerarekin jarraitzeko bidegurutze horretan eskuineko norantza hartuz.
Euri zaparrada ederra erori da tarte honetan, eskerrak aterkia neramala eta bidea zabala izatean eragozpenik ez dut izan guardasolarekin ibiltzeko.
Bidetik eta laino artean, San Miguel baseliza ikusteko aukera izan dut.
Haraino igotzen da pista. Kanpotik bisitatu izan dut, ateak itxitak daudelako. Egitura bereziko baseliza da. Hiru nabetako gorputz baten aurrean, gurutze formako pilare eta pilastra zilindrikoetan eutsita, zeharka bideko nabe baten antzeko zerbait dao, badirudi bigarren eliza bat bezala eta Iparretik Hegoalderako norantzaduna. Honek buru alde poligonalaz osaturik dago. Aurreko abside poligonal erdiko honek badirudi gerora eraikitakoa izan daitekela, buru alde original galdua ordezkatzeko.
Nabearen bigarren zatian bi ate irekitzen dira, bata Ipar aldeko hormetan eta bertzea Hegoaldekoetan. Bata arku puntadunarekin eta bertzea erdizirkularra.
Barnean klabe berezi batzuk omen dituelarik.
Baseliza utzi eta pistaren bukaeratik eskuin aldeko magaletik igo beharra dago tontorrera iristeko. Gaurkoan ez da egun aproposa izan lainoak bertatik diren ikuspegi pribilegiatuak ikusteko aukerarik eman ez bai didate.
Tamalez ikuspegietatik gozatzerik ez dut izan eta euriak agudo berriz jaistera behartu nau. Hala ere lainoak tarte batzuk eskaini dizkit argazkiren bat egiteko.
Berriz herrira iritsi eta herriko ondarearen eraikin batzuk bisitatzea erabaki dut.
Herriko iturria, errepidean berean dagoena.
Dorretxea. Erreparatu ezazue egun itxita duen ate zaharra eta barneko zurezko solairuan.
Eta kotxea aparkatuta neukan lekura bueltatuz, eliza. Kanpotik bertzerik ez dut bisitatzerik izan baina deigarriena bere tinpano erromanikoa da, gotiko atariaren gainean ezarri zutena. Barnean ere bataiatzeko pila erromaniko dekoratua omen du.
Goizak ez du gehiagorako eman, bereziki eguraldiarengatik baina behintzat paseotxo bat egiteko aukera izan dut.
Errepikatu beharko da Izagarako igoera bertako ikuspegietaz gozatu ahal izateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina