Elomendi helmuga nuen baina goizean goiz ibiltzen hasi naiz eta eguraldia, hotza bazen arren eguzkitsua dago, ibilbidea luzatzeko aukera eskainiz.
Ibilbidearen xehetasunak wikilocen
Powered by Wikiloc
Txangoaren bideoa:
Elo herrian utzi dut kotxea eta denbora galdu gabe, ibaiara jaitsi eta Elomendira igotzen den errepidea hartu dut.
Errepidetik zati labur bat egin eta gero, eskuinetik, eraikin baten hormatik, bidetxo bat abiatzen da eta bertatik atera naiz.
Errepidera eramango nau berriz ere. Laburbide bat da.
Berriz errepidera ateratzean eskuinetik, tartetxo batez asfaltoaren gainetik jarraitu beharra dago.
Bihurgune batetara iritsiko gara eta bertatik abiatzen den pista batetara pasako naiz.
Pista nagusi honetatik kilometro batzuk ibili beharra dago, Elo mendiren gibeleko aldera iritsi arte.
Aurreneko zatian pinadi batean sartuz eta geroago Jehesua edo Diablozuloko trokara iritsi eta landaredian aldaketa nabari bat izango dugu.
Malpikako bidean barneratzean basoa nahiko itxia aurkituko dugu, pagadiak, ezpelak eta gaur bezalako egunetan ura apur bat daraman errekatxoarekin.
Bidegurutze batetara iritsiko naiz. Eskuin aldetik Elomendiko magalera iritsiko gara; zuzen jarraitzekotan Iturriotzeko iturrira eta handik Karbotari mendi aldera eta gaurkoan hartu dudanetik, eskuinetik Txanburu mendira eta errota eolikoko parkearen aurren zatira.
Igoera lokatsa askorekin aurkitu dut, eskerrak laiotsan lurra hormatuta zegoela bertzela bidearen zati batzuk guztiz irristakorrak ziren.
Altuera irabazi eta basotik jarraituz, hesi baten aldamenean bertze bidegurutze bat dago. Oraingoan hesiaren eskuinetik jarraituko dut.
Basotik atera eta ezpelen artean haize errotetara igoko naiz.
Pistatik metro batzuk ibili, aurrean ikusten den etxolara iritsi arte. Han eskuinetik, Txanburu mendiko magalera pasatuz.
Mendi-ertzatik jarraituko dut pista berri batekin topatu arte. Hau martxaren norantzan jarraituko dut eta azken antena erraldoira iritsi aurretik eskuinetik abiatzen den bidexaka batetara pasatuz.
Iruñerriko bistak ederrak dira magal honetatik.
Irulegiko gazteluaren aurriak ongi ikusten dira ere.
Bidexkatik buzoia dagoen puntura iristsiko naiz.
Bidexka itxia jarraituko dut bertze aldean dauden errotetara eta elkartzen dituen pistara ateratzeko.
Pista nire eskuineko aldetik jarraituko dut. Irumuga menditik oso gertu pasako naiz baina tontorrera ez naiz iritsiko. Errota erraldoien artean, energiaren kontrol etxe batetara iritsiz.
Unzueko haitza.
Pistaren bidegurutze berri bat zuzen gainditu eta Karbotari mendira zuzenduko naiz. Beti ere haize errotak erreferente izanik eta pista jarraituz.
Hegoaldeko ikuspegiak ederrak dira.
Karbotari mendiko gailurra errota artean dago.
Pista nagusia Ekisoain mendira arte jarraituko dut.
Ekisoain mendian ezkerretik lurrezko pista zakarrago batetara pasako naiz eta bertatik, basoan barne, Elomendiko magaletara iritsiko naiz. Pista hau nahiko gaizki dago eta lokatsez beterik.
Elomendiko magalera iritsi eta bidegurutze bat dago. Ezkerretik datorrena, aurretik Txanburu igotzeko abiatu naizen bidegurutzera darama; eskuinetik segitzekotan Elomendiri buelta ematen diozu eta Elo herrira iritsi eta gaurkoan zuzenean aldapa gora, Elomendiko tontorrera.
Igoerako bidea nahiko ongi ikusten da. Hasieran ezpelen artetik eta gero zuhaitzen artetik gora doa.
Puntu batetik aurrera, harrien artetik doa eta bidea estua eta lokatsa duenez, paraturik dauden kateen eremuan, horietaz baliatu egin behar dut gora jarraitzeko. Zatirik zailena da. Bidea estua, malda ederra eta bereziki lokatsa aurkitzen bada, tentu handiz ibili beharra dago.
Emeki emeki Elomendiko tontorrera iritsiko naiz eta bertan haizeak gogoz astintzen nau, sentsazio termikoa gradu pilo jaitsiz.
Santa Barbara baselizara joango naiz, han atsedenalditxo bat egiteko eta jantsi gehiago paratzeko.
Errepidera atera eta bihurgune batzuren ondoren bidera ateratzen ahaleginduko naiz. Hasiera ez dago oso ongi markaturik eta apur bat kostatuko zait bide zabala aurkitzen.
Behin bide argiagoan izan, jaitsiera agudo egin beharko dut, denboraz estu bai nabil.
Errepidea zenbaitetan gurutzatuko dut oraindik, goizeko pistara atera arte.
Azkenean herrira iritsiko naiz. Neke bereziki azken jaitsiera agudoegi egin dudalako, baina gustora ibilbidea polita izan delako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina