16 kilometro baino apur bat gehiagoko ibilbidea da eta 850 metroko garaierakoa. Ez du zailtasun berezirik baina hego aldeko azken partean aldapak nabariak dira eta buztita aurkitzekotan oso irristakorra izango da. Tarte batez ere bidea asmatzea ez da gauza makala izango.
Sengariz herria ere ez da soberan ezaguna, ezta Hego magalean aurkitzen diren herri eta jauntxerriak, Celigueta adibidez.
Sengarizera iristeko A-21tik joan Izko herriko bidegurutzera arte eta handik errepide zaharretik itzuli beharko da zatitxo bat, autobidearen gainetik dagoen zubi bat hartzeko. Ondoren pistatik herrixkara iristerik izango dugu.
Ibilbidearen xehetasunak wikilocen
Powered by Wikiloc
Ibilbidean zehar egindako bideoa:
Ibilbidea eta altimetria.
Sengariz herrira iritsi baino apur bat lehenago eta herrira igo ordez, pistatik zuzen jarraitu iturri bat topatu arte. Bertan utziko dut kotxea ibilbidea hasteko. Sengariz herria ertaroan jauntxerri bat izan zen. XIII. mendeko agiri batean, 1214 urtekoa, ama alargun batek bere alabari ematen diola aipatu egiten da.
Pista hau aurrera jarraitu beharko da baina hobeto da kotxea bertan uztea. Hortaz puntu hau ibilbidearen hasiera izango da. Egunsentiarekin batera irtengo naiz, eta beti bezala eguneko ordu hauek argazki ederrak egiteko beta eskaintzen dute.
Iturritik pasako naiz aurreneko bihurgunea egin gabe.
Pistatik gorat egin eta hesi bat gainditu beharko dugu.
Bertatik Celiguetako jaurerria , bera aintzira eta dorretxearekin ikusgai izango dugu.
Pirinioak ere ikusgai ditugu pistatik gorat egitean.
Santa Agata mendia hegoko ikuspegia.
Aurrerago baso aldera gerturatuko gara.
Bihurgune bat topatuko dugu eta igoerako bidea eskuinetik izango da. Metro gutxi batzuk geroago hesi bat gainditu beharko dugu eta ezkerretik jarraitu. Jaitsieran aldiz bertze pistatik bueltatuko gara. Bertatik ibilbidea zirkularra da, beraz bi norantzetan gauzatzerik dago, baina eskuinetik igotzea gomendagarriago dela uste dut.
Santa Agata aldera gerturatzen joango naiz, emeki emeki. Pinadi eta zuhaitzak gaindituz, haitzak ikusgai izango ditudalarik.
Azken zelaiak gainditu egiten ditudalarik, tentuz ibili beharra dut bidea jarraitzeko. Ezpel eta bertze sastrakak bidea eskutatzen dute eta. Noizean behin harri metatuak bide egokitik jarraitzen dudala adierazten didate. Hortaz tarte honetan arreta jarri.
Santa Agata mendi gune estrategikoa da, horregatik gara batean bertan kastro bat izan zen ere. Argazki hauetan haitzak bere edertasunean ikusgai ditugu.
Bidetxoak gorat egiten du eta puntu batean bertze bide batekin elkartu egiten da. Eskuinetik igotzen jarraitu, haitzen ezker aldera bideratzeko. Zati honetan aldapa ederrak dira eta lohia izatekotan nahiko irristakorrak topatzerik dira.
Haitzak inguratuz, Santa Agata mendira iritsiko naiz. Bertatik ikuspegi ederrak dira.
Santa Agatatik Ganbella mendira zuzenduko naiz.
Bidea bi mendien arteko mendi-lepora jaitsi eta aurrera jarraitzeko eskuin aldeko bidexkatik burutuko dut.
Ganbella mendia.
Izaga mendia lainoz estalirik dago.
Bidea aurrera egin ahala, lainoak desagertzen doaz.
Izaga mendiko erpin-geodesikoa
Izagako tontorretik Ganbella eta Santa Agata mendiak. Ibilitakoa ikusgai da.
Eloko harana eta Iruñerria gibelean.
Izagatik San Miguel baselizara jaitsiko naiz, bidea zuzenean jarraituz.
Baseliza honen informazio hau bildu nuen aurreko sarrera edo ibilbide batean BERTAN https://mendikosterak.blogspot.com/2018/03/ardanaz-izagaondoatik-izagara-zirkularra.html ikusgai. "Egitura bereziko baseliza da. Hiru nabetako gorputz baten aurrean, gurutze formako pilare eta pilastra zilindrikoetan eutsita, zeharka bideko nabe baten antzeko zerbait dao, badirudi bigarren eliza bat bezala eta Iparretik Hegoalderako norantzaduna. Honek buru alde poligonalaz osaturik dago. Aurreko abside poligonal erdiko honek badirudi gerora eraikitakoa izan daitekela, buru alde original galdua ordezkatzeko.
Nabearen bigarren zatian bi ate irekitzen dira, bata Ipar aldeko hormetan eta bertzea Hegoaldekoetan. Bata arku puntadunarekin eta bertzea erdizirkularra.
Barnean klabe berezi batzuk omen dituelarik."
Bertan ogitartekoa jan eta ura edan ostean, pistara pasako naiz eta bertatik jaitsiera hasi.
Pistatik 700 bat metro jaitzi eta basotik irten bezain pronto, ezkerretik abiatzen den pistatxoa hartu beharko dugu, pista nagusia utziz.
Handik iturri batetara iritsiko naiz.
Iturburua bertan dago.
Bidea jarraitu eta aurreneko bidegurutzean, metro gutxi batzuk aurrerago, eskuinetik jaisten jarraitu. Harri multzoak daude bidea erakusteko, baina hala ere tentuz ibili ez galtzeko. Kontutan izan Izaga mendiko hego aldean ere hormak edo amildegiak dituela.
Bidea basotik doan tarte batez. Aurrerago berriz eskuineko bidegurutzetik jarraitu beharko dut.
Beherago hesi bat topatuko dut, hau gainditu eta jaitsiera jarraitu. Bideak mendebalderuntz doa, Izagako magaletik, hormak ekiditzeko.
Azkenean pista nagusi batetara aterako naiz. Bertan ezkerreko norantza hartuko dut, Izaga eta Ganbella mendiko hormen azpitik igarotzeko.
Geroago hesi bat izango dugu bidegurutze batean. Hesia gainditu eta ezkerreko pistatik, mendi magalean eta haitzen azpitik jarraitzeko.
Bi kilometro ibili ondoren bertze bidegurutze bat izango dugu, ezkerretik jarraitu. Oraingoan Santa Agataren magalak erreferentzia izanik.
Kilometro bat pasatxo egin ostean bertze hesi batekin topo egingo dut.
Hau gainditu eta segituan borda batzuen aurrietara iritsiko naiz. Bertan argi indarreko dorre bat ere dago.
Argi indarrako dorre hauetatik pista berri bat egin baduten arren, eskuineko pistatik jarraitzea erabakitzen dut.
Aurrerago bertze pisten bidegurutzea izango da, ezkerretik jarraitu.
Handik gutxira igoerako bide berera iritsiko naiz.
Goizean ibilitako bidea egitea bertzerik ez da gelditzen.
Celigueta herriko dorretxea.
Besolla herriko eliza erromanikoa. Horma irudi ederrak dituena. Bertze egun batetarako bisita.
Eguerdiko eguzkiak zelaietan kolore ederrak islatzen dituelarik azken argazkiak egiteko beta eskainiko dit.
Ibilbide ederra eta bereziki ohiko igoera ez dena eskaintzen diguna.
https://mendikosterak.blogspot.com/2019/01/santa-agata-ganbella-eta-izaga.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina