Maiz Aralarreko mendietan gertatzen den modura, lainoak paisaiak ezkutatu egiten ditu, baina honi esker ere paisai berdeak ditugu. Gaurkoan halako eguna izan dut eta aitortu beharra dago egungo gpsei esker ibilbidea burutzerik izan dudala. Bertzelakoan hasieran itzultzea litzateke erabakirik egokiena.
Wikilocen ibilbidearen xehetasunak:
Powered by Wikiloc
Ibilbidearen Bideoa
Aurreneko pausoak eta argazkiak erakusten dutenez, egunsentia oskarbi zegoen baina herritik ateratzean.
Herrian berean, jauregi hau ikusterakoan, eskuineko pista jarraitu behar dugu eta topatuko dugun aurreneko dolina batean dagoen iturritik gertu pasa.
Pista tartetxo bat aurrerago bide batean bilakatuko delarik, soroak bukatzerakoan.
Basoan murgiltzerakoan lainoak agertu egin dira eta abiadura azkar batean dena estali egin dute. Bat batean inguraturik gelditu naiz.
Igoerako bidea lokats asko du eta bastoiei esker ez naiz erori behin baino gehiagotan.
Atako haranean sartzean lainoak dena blaitzen du eta nire zalantzak izan ditut ea komenigarria izango ote zen Irumuga eta Akier mendietara desbideratzea. Hala ere eta gps-a eskuan izanda, tontortxo hauek ezagutzera animatu egin naiz.
Bide zabala utzi eta eskuinetik abiatu egiten den bidexka batetara pasatu naiz. Handik gutxira langa bat
eta bide ez oso argi batetatik gutxina Irumuga mendiko tontorrera iritsi naiz.
Tontorra ez dauka ezer berezirik, basoan barna dago eta soilik harri multzo batek erakusten du gune hori. Hortik aurrera bidea ez da bat ere argia izango eta maiz bidexkak somatu bertzerik ez dira egiten. Basotik eta paisai karstiko batetatik gora behera batzuren ostean Akier mendira iritsiko naiz.
Bertan hegazkin baten buzoia ikusgai dutu, baina geroago inguratuko ditugun bertze tontor batzuk bezalakoa izango da. Basoan barna izanda ez du ikuspegi berezirik izango.
Ondorengo bidea ez da bat ere argia izango eta berriz gps-ari esker eta bidexka batzuk asmatuz, basoan eta zenbaitetan harrien gainetik bertze tontor batzuk inguratuz, berriz ere Atako haranera jaistea izango da helburua.
Aurrerago pistatxo batzuk zuzen zeharkatu eta magaletik zuzen jaitsi beharko dugu, hesi batekin topatu arte. Hesia gainditu ahal dudan moduan eta apur bat aurrerago Atatik doan pista zabalarekin elkartuko naiz.
Haranean ez da gehiegi ikusten baina segituan topatuko dut Errolanen harria. Halako azalpena ematen du wikipediak:
Errolan Harria izena duena, giza itxurako harri bat da, Atako haranean, Nafarroa mendebaldean, Aralar mendilerroan dagoena. Euskal elezaharrak dioenez, Errolanek, Aralarko San Migelen santutegia dagoen tokitik Madotz izeneko herria suntsitu nahi zuen. Horregatik, harri handi bat hartu eta jaurti egin zuen, baina, jaurti baino apur bat lehenxeago, Errolani nonbait nahastuta geratu zitzaion arropa, eta horrek bultzada galarazi zion, bota zuen harria, Atako Haranean geratu zelarik. Harri honek, ildo batzuk ditu alboetan, esaten denez, Errolan beraren esku hatzenak izan daitezkeenak.
Bideari jarraituz putsu bat aurkituko dugu eskuin aldean eta bertze bat ezkerraldean.
Geroago bide-zoru lurrezko batetako pistara pasako naiz.
Eta ate bat zeharkatu eta gero ezkerretik abiatzen den bide batera pasako naiz, errekatxo txiki batetara hurbilduz eta zeharkatu beharko dudalarik.
Aurrerago basoan berriz ere murgildu eta bide argiago baten bidez gutxinako altuera irabaziko da.
Kahirn handi bat ikusiko dugu aurrerago, eta horren ondoren bide zabala ezkerretik utziko dut, Artxuetako gailurrera joateko asmoz. Zuzen jarraitzekotan Aralarreko Santutegiko errepidera aterako gara, GR-a abiatzen den puntura.
Bidetxo honetaik Artxueta mendiko magaletan barneratu eta errepidearekin topatuko naiz.
Errepidearen aldamenetik eta zenbaitetan gurutzatuz, Artxueta mendiko tontorrera iritsiko naiz. Lastima gaurko egunak ezer ikusteko aukeratik ematen ez duela, ia ia antena erraldoiak ere ez dira tontorretik ikusgai.
Ahal dudan moduan Santutegiaren aldeko magala hartu eta berriz ere gps-ari esker jaitsiko naiz.
Errepide nagusia zeharkatu eta Santutegira, zuhaitzen artetik doan pasabidea hartuz, eraikinekin topo egingo dut.
Aralarko Done Mikel in Excelsis santutegiko putsu edo iturri-aljibea izango da aurkituko dudan aurreneko erikina, geroago elizaren gibeleko eta santutegirako atera hurbilduz.
Santutegiko web ofiziala. http://www.aralarkosanmigel.info/eus/index.php
Done Mikelen Santutegiko elizan, Karolingiar aztarnak daude eta geroago erromaniko estiloan eraikitako eliza ikusgai dugu.
Elezaharrak dioenaren arabera Teodosio Goñikoaren kateen zati batzuk gordetzen dira bertan.
Elizara sartu aurretik ganbara hau ikusgai dugu.
Tenpluari buruz iritsi zaigun lehen aipamena XI. mendekoa da, baina bi mende lehenago toki berean beste tenplu bat bazen, karolingiar estilokoa. Erretaula du altxorrik preziatuena, Nafarroako Foru Erkidegoko kultura intereseko ondasun izendatua, Erdi Aroko europar esmaltegintzako maisulan gorenetakoa.
Elizaren aurreneko zatian kateaz gain, kapera txiki bat dugu Done Mikelen irudiarekin.
Santutegian dagoen irudiaren itxura oso antzinakoa eta berezia da: deabrua lantzaz akatzen edo arimak balantza batean pisatzen beharrean (ohiko irudiak), Gurutze Santuaren eramaile gisa agertzen zaigu gure aingerua, hau da, Kristo Errege berpiztuaren mezulari gisa. Irudi honen jatorrian, dirudienez, Bibliako eta liturgiako zenbait testuk eragina izan zuten. Egungo San Mikel in Excelsis irudia 1756. urtean egin zuten urreztaturiko zilarrez, erlikia ontzi zaharra ordezkatzeko.
Barnean, antzinako zurezko irudiaren hondarrak eta Kristoren gurutzearen erlikia (lignum crucis) daude gorderik. Gaur egun ere, aingeruak kristau askoren (batez ere nafar eta gipuzkoarren) debozioa bereganatzen du. Areago, urtero, Pazko egunez, irudi santua Santutegitik atera eta hiru hilabete ematen ditu Nafarroan barna 280 herri inguru bisitatzen. (wikipedia)
Baina kapera honetatik aterata eta elizaren altare nagusian dago artelan preziatu eta bereziena.XII. mendekoa.
Munduan santutegia famatu duen artelana da. Bi metro luze da, 1,14 metro garai, eta tenpluaren presbiterioan dago. Erromanikogaraiko aldareen apainketaren adibiderik ikusgarrienetakoa da. Antza denez, XII. mendearen amaiera aldekoa, Antso VI.a erregearen garaikoa da. Urreztaturiko eta esmaltaturiko kobrez egina, artelan hau esmaltezko 39 piezek osatzen dute, harribitxiz apaindurik. Erretaularen ikonografiak ondorengo hauek erakusten ditu: Ama Birjina eseririk, Haurra altzoan duela; tetramorfoak, hots, lau ebanjelisten ikurrak; apostoluak; errege magoak; aingeruak Mariari eginiko deikundearen eszena; eta San Jose.
Ostatuan hamaiketakoa hartu eta berriz lainoz inguraturik bideari jarraituko diot.
Aparkaleku nagusitik dagoen tontortxo batetara gerturatu, baina gaurkoan ikuspegirik ez.
Errepidetik GR-a abiatzen den lepora joango naiz. Bertan Artxuetara igotzen den errepidea hasten da ere.
Bidea eskuin aldetik doa, beraz kontuz izan eta ez joan ezkerretik, bertzela Atarako bidea hartuko dugu.
GR-a basoan barna bide zabaletik igarotzen da. Pena izan da argiak udazkeneko paisai eder hauen irudi hobeagorik ateratzen betarik ez ematea.
Huartera doan portlandezko pista zeharkatu beharko dugu bitan.
Beherago momentu batean basotik atera eta Arakil ikusterik izango da. Madalenaitz eta gainontzeko mendien ikuspegi ederrekin. Gaurkoan aldiz ez dut hauetaz goxatzeko aukerarik izan.
Pamplonagaineko trikuharri ederra bisitatuko dut.
Aurrerago, arestian aipatu bezala, bigarren aldiz pista zeharkatuko dut, bide zabal batetik jarraituz.
Pista hau ere zenbait tokitan lokatsez beteta aurkituko dut.
Aurrerago Agiriko herri despopulatua egon zen eremura iritsiko naiz. Gaurkoan ez dut denborarik izan bertako inguruak lasaitasunez arakatzeko. Erdi aroan bertan herri bat izan zen. Herrixka hau, bertze batzurekin batera 1359. urtean Arakileko Uharte osatu zuten.
GR-a jarraituko dut oraindik tarte batez, baina bidegurutze batean, ezkerretik abiatu egiten den bidea jarraituko dut, Madotz herrira zuzenago joateko. Urdinez markaturiko zenbait toki aurkituko ditugu ondorengo zatian. Hala ere erne ibili beharra dago bidea ez galtzeko.
Azkenik Madotz herria ikusgai izango da, eta pista hobeago baten bitartez, ezkerreko norantzako bidegurutzeak hartuz, herrira iritsiko naiz.