Ilzarbe herria Olloko haranaren hasieran kokaturik dago.
Ibilbidearen xehetasunak wikilocen
Powered by Wikiloc
Txangoko bideoa:
Ibilbidea eta altimetria
Frontoiaren inguruan kotxea utzita ibiltzen hasiko naiz egunsentiarekin batera. Goizeko ordu hauetan aurreneko sutondoak piztu dira eta hezetasunak kea herritik barreiatzen ditu, sentsazio bereziak eta oroitzapenak burura erakarriz.
Herriko karrikatik gorat abiatu eta aurreneko bisita elizara da. Ataritik ikuspegi ederrak ditut, batetik Saldiseko haitzetatik eta bertze aldera so eginik, Txurregi mendiko magaletara.
Pistatik gora jarraitu herritik ateratzeko, aurrerago eskuinetik pista hau utziko dudalarik. Ibilbide zirkularra osatuko dudanez, jaitsieran portlandezko pistatik bertan itxiko dut zirkulua.
Eguzkia atera berria da eta argiak, koloreak nabarmentzen ditu.
Igoera baten ostean, pistaren erdian metalezko ate bat gainditu beharko dugu. Bertatik Txurregi eta Gaztelu mendien ikuspegi ederra izango dut.
Geroago bertze ataka bat gainditu eta berriz ere basoan barneratuko naiz.
Urrengo bidegurutzean ezkerretik jarraitu beharko da.
Azkenean pista bukatu eta hesi bat izango da. Gainditu eta zelai batzuetara atera.
Hauek zeharkatu eta zuzen igotzean basoan sartu eta segituan bertze hesi bat topatuko dut. Hau gainditu eta pista nagusi batetara iritsiko naiz.
Pista eskuinetik jarraitu.
Aurrerago pista ezkerretatik utzi beharko da bide batetara pasaz. Harri multzoak bidea nabarmentzen dute, baina erne ibili.
Handik Gaztelu eta Txurregi mendien arteko mendi-lepora igoko naizelarik. Igoera honetan Txurregiko tontorraren azpiko haitzak arras ongi ikusten dira.
Mendi-lepora iritsi baino lehenago, eskuinetik abiatzen den den bidexka hartuko dut, Gaztelu mendiko magaletara doana.
Gorago urmael artifizial eta aska batetara iritsiko naiz.
Eta hauen gibeletik tontorrerako igoera betetzea bertzerik ez da geldituko.
Bertan Oiarregiko gaztelua izandakoaren dorre zirkularra ederki ikusten da, eta bertatik kontrolatzen den eremua zabala eta oso estrategikoa da, Iruñarako bidea dugu eta.
Oiarregiko gazteluaren inguruko datuak, Hiru.eusetik bilduak:
"Gaztelu izeneko mendiaren tontorrean dira aztarnak, itsas mailatik 1.001 metro gora. Mendi ikusgarria da. Iltzarbe, Atondo (Olloibar), Errotz eta Urritzola (Arakil) herrietako sailak batzen dira mendi horretan. Gaztelua Olloibar udalerrian sartu izan dute batzuek.
Orarregi izenez ezagutu izan zuten Berant Erdi Aroan, baina horrek ez du esan nahi orduan eraiki zutenik. Gazteluaren aztarnak diren lekutik gertu igarotzen zen erromatarren Astorga-Bordele galtzada. Sakanan barrena etorri, eta Oskia mendi-zintzurrean Iruñea aldera hartzen zuen galtzadak. Orarregiko mendatetik (830 metro inguru itsas mailatik.) igarotzen zela ere esan izan da, ez zituztela-eta erromatarrek Oskia bezalako paraje estuak gogoko. Horri buruz bada Nafarroako agirietan aipamen bat, Arerioak Irunerrian sartzeko aukera dezaken bideetako bat izan daitekeela, eta arrisku hori kontuan izateko ohartarazten duena.
Altadillek dioenez erromatarren dorre edo behatoki bat ere bada Oskiako harkaitzean. Oskiako harkaitza dioenean gaztelua izan zen mendia esan nahi badu, Orarregiko gazteluaz ari da. Orarregiko aztarnak eta Atondoko dorrea harentzat gauza bera ziren beraz. Bestalde, Moret historiagilea ideia aurreratu zuenez geroztik, Atondo, Orarregitik gertu den herria, eta Antonino erromatar enperadoreak bere ¿Bidekarian¿ aipatu zuen Alantone etxadia bat direla uste izan da, baita Ptolomeok (II. mendean) baskoien lurraldean kokatu zuen Alavona herria ere. Dena dela, 1024koa da Erdi Aroko herriaren lehenengo aipamena, eta Ataondo aldaeraz agertzen da.
Musulmanek 803an, 843an eta 924an hartu zuten Sajrat Kais gaztelua eta Orarregikoa nahikoa bat datoz, bestalde, haien kronikariek gazteluaz egin zituzten deskripzioen arabera.
Egun badakigu gaztelu nagusi hau, seguruenik Gadañokoa izango dela, Saldise eta Eguillor artean kokaturik dagoena.
Egitekoak, bat baino gehiago zituen ulertzekoa denez. Zelata-leku aproposa zen, batetik, Nafarroako bidegurutzerik garrantzitsuenetako baten ondoan, eta 1.001metro itsas mailatik gora egonik. Oskiako igarobidea kontrolatzeko ere bai, arrazoi beragatik. Eta handik ikus zitekeena komunikatzeko ere, ez zituen bideak, Arakilgo sakana eta Iruñea bera ere hain urruti. Baina ez zuten ere kontrol edo komunikazio hutserako egin, ez zuen bestela gotortzen hainbesteko lanak hartzea merezi.
XV. menderako egitekorik gabe geratu zen nonbait, gazteluzainik gabe eta desegin samarra zegoela agertzen baita 1405eko dokumentu batean, eta bota egin zutela, 1420ko batean. Dena dela, lehenago ere, XIV. mendean egon omen zen denboraldi batez itxita.
Orarregiko ataka toponimoari esker jakin genuen gaztelua zeneko mendian diren aztarnak Orarregikoarenak zirela. Agiri batek ziurtatu zuen gero hala zirela, 1352an, gazteluzainik gabe geratu zenean, Izurdiagako bizilagun bati utzi giltza, baitio agiriak. Adierazgarria da, bestalde, azken urteetako Orarregiko gazteluzainak ingurukoak izatea: Izurdiagakoak, Aginagakoak, Eritzekoak, Saratsakoak¿
Dena dela, badira mendiaren hegoaldeko magalean ere beste bi aztarnategi. Gaur egun aurkikuntzen sailean sarturik daude horiek. Ez dute, berez, gazteluarekin zer ikusirik, Brontze edo Burdin Arokoak baitira, baina balio dute inguruetan jendea aspaldidanik bizi izan dela adierazteko.
1259an ez zen Orarregin gazteluzain berezirik nonbait, Mendialdea deritzan eskualdean ibar-jaun zenak, Martin Ortiz izenekoko batek, zuen Orarregiko, Iruritako, Ozkorrezko eta Gorritiko gazteluen ardura. 1266an, berriz, Pedro Gartzeizek zen ibar-jaun, eta haren gain zegoen Orarregiko eta Gorritiko gazteluen ardura. 100 sos eta 25 kaiza gari urteko, hori zen ibar-jaunari Orarregiko gazteluaz arduratzeagatik ordaintzen zitzaion soldata, eta 10 libera 50 kaiza gari, edo bi halako, Gorritikoaz arduratzeagatik. Soldata apalagoa zuen XIV. mendearen hasieran Orarregin gazteluzain zegoenak: 5 libera eta 25 kaiza gari; Gorritiko ibar-jaunak kobratu izan zuenaren erdia, hain zuzen, eta Mendialdeko errege gazteluetako arduradunen artean zen apalena, bestalde.
Gazteluan egin izan zituzten lanez gauza handirik ez dator agirietan: 1266an 3 soseko gastua egin zutela kareoretan; dorre nagusiari estalia egitea, sarreretan (poriellos) ateak jartzea eta harresi-barruko etxe batzuk konpontzea 57 sos ordaindu zutela 1280an, eta besterik ez.
Ez da, kontsultatu ahal izan ditugun agirietan behintzat, gazteluak edo gaztelukoek gatazkaren batean parte hartutako aipamenik agertzen. Musulmanek hiru bider hartu zuten Sajrat Kais hura Orarregiko gaztelua izan daitekeela, besterik ez.
Dena dela, XV. menderako gainbehera hasia zen gaztelua, eta garai horretako gazteluzainak nongoak eta zein ziren ikusi besterik ez dago: ingurukoak eta leinu apaletakoak, gehienak. Eta gazteluzain ere ez ziren, egia esan. Hona zer dioen Martinenak: ¿1352 Migel Araiz, Izurdiagako bizilaguna, guarda (¿) 1362 Migel Adidona, giltzaria (¿) 1374 Pedro Garzia Eritze, hilabetean behin bisita egitera behartua (¿)¿ 1400ean Lope Martinez Sarasa zen gazteluzain, eta 1400ean bertan hil zen hori. 1405ean, ¿Ez da gazteluzainik eta desegina dago¿ agertzen da dokumentu batean, eta ¿Eraitsi egin dute¿, 1420ko zerrenda batean.
Goraxeago esana frogatzera datoz, bestalde, gazteluzainen soldatak. 1355ean zegoenak, 20 sos eta 10 kaiza garikoa zuen, esate baterako. Soldata horixe zuen Aitzitakoak ere, eta Nafarroan zenik apalenetakoa zen. Konponketa lanik ere, ez zen askorik egin izango, konponketa-agiriak behintzat 1280tik 1347ra bitartean egindakoenak bakarrik aurkitu baitzituen Martinenak ere.
Jendeak aspaldidanik erabilitako lekua da, dudarik gabe, eta gaztelua bera ere antzinakoa izango zen, Sajrat Kais eta Orarregi gaztelu bera baziren, baina Berant Erdi Aroari dagokionez, Orarregi izenarekin behintzat, 1259tik 1352ra arte bakarrik erabili zuten, eta zaindu baino ez zuten egin gero, beste mende erdi batez.
Gazteluaren egituraz ezer gutxi dator agirietan, baina horiei esker dakigu sarrerako ate-gaina, atearen bi atalak eta atalaga haritzezkoak zirela; harresien barruan dorre nagusiaz aparte beste etxe batzuk ere bazirela; etxe bat besteak baino handiagoa zela, eta, estalia zurez eta harlauzaz egina izan arren, harrizko hormak zituela etxeak. Horiek dira agirietan agertzen diren datuak. Diren aztarnei arretaz erreparatzea beste biderik ez dago beraz, gaztelua nolatsu zen jakin nahi badugu.
Beraz, diren aztarnei erreparatuta bakarrik jakin daiteke oraingoz gainerakoa, eta beste batzuetan baino aztarna gehiago da Orarregin. Erdi Aroko aztarnategiak 85 metro luze (I-tik H-ra) eta 25 metro zabal (E-tik M-ra) ditu.
Garrantzi berezia du dorre nagusiak. 1998an aritu ziren barruko aldea txukuntzen, eta oinarriak eta metroko bete altuko horma behintzat ikus daiteke gaur egun. Biribila edo zilindro egiturakoa zen, harlanduz egina eta 3,30 metro zabala, barruko aldean diametroan neurtuta. 1,50 metro lodi da horma. Mendiaren gunerik garaienean zen, eta oso urrutitik ikusiko bere garaian. Harri pila handi bat baino ez da ikusten orain, bertara gabe.
Dorre nagusiak hiru hormataleko edo triangelu formako harresia zuen inguruan, eta triangeluaren hegoaldeko izkinan harkaitzak osatzen du harresia. Harkaitza ebakia edo landua dago alde horretan, bere garaian harrobi gisa erabili zutelako-edo. Mendebaldean ere badira harresi modura edo hala moduz tolesturiko harri batzuk. Lurrean edo maldan barreiaturik daude alde horretako harresian ziren gainerako harriak.
Dorre nagusikoak kenduta, ekialdean dira hondakinik interesgarrienak. Bi hormatal nabari dira. Alde horretako harresiaren oinarriarena bata, eta etxe edo bestelako eraikuntzaren batena, bestea. Erdian dago bigarren atala, eta landu gabeko harriz egina da. Bestalde, terraza edo zabaltza moduko bat eratzen du ekialdeko harresiak, berez ere nahiko laua da baina alde hori.
Gaur egun Orarregiko gainean diren hondakinak Sajrat Kais eraikuntzarenak dira Alberto Cañada Justek La Campaña de Pamplona (Año 924) bere liburuan dioenaren arabera, eta goraxeago aipatu den erdiko hormatal hori, berriz, Arib ibn Saad-en kronika liburuan agertzen den elizarena. Elizaren plano txiki bat ere bada Cañada Justeren liburuan, bere hipotesia ilustratzeko egindakoa, eta planoaren horren arabera, 10 x 4 metro inguru zen eliza, luze-zabalean. Zernahi dela ere, marrazkian bertan nabari da tesia horrek ez duela oinarri sendorik, ipar-hegoalde norabidean irudikatu baitzuen eraikuntza eta ez ekialde-mendebalde norabidean, lehen kristau-elizak ziren bezala.
Arestian aipatu bezala seguruenik dokumentazio horretan ageri den gaztelua Gadañokoa izango da.
Cañada Justek 1975ean lortu zuen lizentziatura, eta bere ustez 924an edo suntsitu zutenean bezala geratu izango omen ziren gainera Orarregiko hondakinak, gainera. Gauza ziurtzat daukate gaur egun hondakin horien lekuan zela Berant Erdi Aroko Orarregi gaztelua, eta hipotesi modura ontzat ematen dira musulman kronikarien Sajrat Kais hura leku berean egotea eta Orarregin zen dorrea garai hartakoa izatea ere. Alde horretatik begiratuta bai, zuzen lebilke Cañada, Orarregiko gaztelua Sjarat Kais-en ondorengoa izan zitekeela dioenean. Gainera, dorrea biribila edo zilindro egiturakoa izatea antzinakoa den seinale omen baita, aditu askok dioenez.
Bestalde, 1998an bildu zituzten 63 zeramika pusketatik 27 eskuz eginak ziren, eta tornuan eginak beste 36an. Puska gehiago ere badira, dena den, mendiaren maldetan."
Panoramikak dorrearekinBuzoia
Bizkai mendia eta behitian Oskiako pasabidea
Bertze eraikinen aztarnak
Harrobia.Jaitsiera harrobiaren aldetik egingo dut, honela tontorrari buelta emanik. Apur bat jaitsi eta aurreneko zuhaitzetara iristean eskuinetik buelta ematen hasi. Bidexka bat ikusgai dago.
Berriz ere mendi-lepora jaitsi eta Txurregi mendiko magal malkartsuari aurre egiteko prestatu.
Aldapa luzearen ondoren Txurregi mendiko-erpinera iritsiko naiz.
Eta eskuinetik tontorrera eta buzoira gerturatuko naiz.
Aurreko puntura itzuli eta bertze isurialdetik bidexka bilatuz, jaisten hasiko naiz. Hasieran harrien artean eta geroago basora iritsiz. Tentuz ibili, zati batzuetan bidea ez bai da oso nabaria eta.
Basotik irtetean, eskuin aldera jo. Segituan borda baten aurriak ikusgai izango ditut.
Beherago bertze borda baten aurriak ikusgai dira. Hara zuzendu beharko naiz,
eta bertara iristean ezkerretik jaitsi, urmael eta iturri batetara iritsi arte.
Bertan pista edo bide zabalago bat dugu, beherantz jarraitu beharko da.
Zuhaitzetatik ateratzean eskuinera metro batzuk egin, bertze pista batekin topatu arte. Han ezkerretatik jaisten jarraitu.
Pista honek bertze batekin elkartuko da aurrerago. Bidegurutze horretan ezkerretatik, hesiaren aldamenetik doan pista segi.
Bide honek berriz basoan barneratuko da eta gainera Olloko haraneko itzuliaren markak ikusgai izango dira.
Bidea jarraituz, ataka bat topatuko dut,
Eta handik gutxira Ilzarbe herrira daraman pistara irtengo naiz.
Eskuinetik beherantz, azken zatia pista honetatik egingo dut.
Garañoko gaztelua
Herrira iritsi eta iturrian indarrak berrituko ditut, gaurko txangoari amaiera emateko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina