Ibilbidearen xehetasunak wikilocen
Powered by Wikiloc
Txangoko bideoa:
Ibilbidea eta altimetria
Aginaga herriko beheko aldean aparkatzeko lekua topatu eta bertan botak jarri ostean, egunsentiarekin ibiltzen hasiko naiz. Egunak ez du gehiegi laguntzen, hasieratik Ergaren tontorra lainoz estalirik dago eta, baina txangoa luzeegia ez denez aurrera ekingo dut.
San Pedro karrikatik gora egitean plazan dagoen iturria eta harraska bisitatuko ditut. Aguinaga edo Izako Aginaga, Gulinibarreko herri txikia da. Hitzaren jatorria aginetik eratorritakoa da, beraz aginak ugariak zirela erakusten digu.
Herrian hainbat harmarri dun etxe ikusgai dira. Karrikaren goiko aldean San Pedroren eliza dago. Erdi aroko jatorria zuen baina duela zenbait urte zaharberritze prozesu nahiko berezia izan zuen zeinetan bere Hego aldeko atari erromanikoa desagertarazi zuten horma berri bat gainean eraikiz. Sartaldera paratu zioten gaur duen ate arrunta. Bataiorako harria kontserbatu den arren, XVI. mendeko erretaulua aldiz deslotu zuten. Gaur Ergako Trinitatearen irudia gordetzen da bere baitan.
Pistara berriz atera eta metalezko atea ataka batetik gainditu.
Aurrerago eta malda gogorrenak hasi aurretik, eskuinetik pista nagusia utzi beharko da. Troka aldamenean doan bide edo pista zahar batetara pasaz.
Basoan murgildu eta udazkeneko koloreetaz oraindik gozatzeko aukera dut.
Bideak mendate batetara eramango nau. Bertan bidegurutze eta aldi berean metalezko gurutze bat dago.
Mendatea eta bidegurutzea zuzenean igaro eta segituan ezkerretik doan pista hartu beharko da.
Basoaren zati honetan zuhaitz berezi batzurekin topo egingo dugu.
Geroago ezkerretara ere egin.
Hemendik aurrera bidea ez da horren argia beraz tracka jarraitu. Hala ere ezkerretik mendi magaletik gorat egin beharra dago. Lautadatxo batetara iritsi eta ezkerretik segi, mendi ertzera bideratzeko.
Mendi-erpinetik eskuinera igotzen pista batetara iritsi arte.
Zuzen jarraituz Artola mendiko tontorrera iritsiko naiz.
Aurrerago jarraitu eta hesi batetara iritsiko naiz.
Eskuinetik beherat joango naiz aurreko bidegurutzera iristeko eta aldapan behera bertze mendate batetara iristeko. Bertan eskuineko bidea jarraituko dut. Harri metatu batzuk dira, hauek jarraitzen ahaleginduko naiz Erga mendiko magaletan barna.
Hasieran bidea nabariagoa da baina Ergako magaletan eta basoan, zenbaitetan desagertu edo bertze bidexkekin nahasi daiteke. Hala ere beti ere Hego aldera joanik basotik gora egin beharko da.
Zenbait ikaztegi ere ikusgai izango ditugu.
Basotik irten eta mendi-erpinera edo ertzara gerturatu eta hau jarraituz tontorrera iritsiko naiz. Pena gaurkoan lainoak inguraturik nauela eta ezin dela ezer ere ikusi.
Aurrenik Iratxo elkarteak paraturiko buzoira iritsiko naiz eta ondoren erpin geodesikoa dagoen tokira.
Daramadan norantza jarraituz eta eguraldiak tarterik ematen ez duenez, Ergako Trinitatearen baseliza eta aterpera zuzenduko naiz.
Bertan bisita egin, hamaiketakoa hartu eta pista nagusitik jaitsiera hasi.
Bidean iturritxo bat dago, beti ere ura ez dariona. Beherago pista bitan banatu egiten da, herrira zuzenean jaisteko eskuinekotik segi.
Zelaitxo batean animali bat hilik dago eta saiek bereak egiten ari dira.
Handik herriraino aldapa batzuk eta segituan goizean desbideraturiko bidegurutzera iritsi eta geroago herrira.
https://mendikosterak.blogspot.com/2018/12/artola-eta-erga-aginagatik-zirkularra.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina